Zesta-punta partidak Lekeition, Mireia Arrillagari laguntzeko
Mireia Arrilaga lekeitiarra Kailua Konanen (Hawaii) ospatuko den munduko IronwoMan txapelketara joaten laguntzeko beste ekimen bat antolatu dute Lekeitioko Udalak eta Garraitz Kirol elkarteak: zesta-punta partiduak. Hiru partida jokatuko dira bihar 19:...
Lehenengo partidan Galletebeitia eta Galletebeitia II.a Bidaburu eta Learretaren kontra ariko dira; bigarren partidan Olharan eta Lopez Egiguren eta Erkiagaren kontra, eta hirugarren eta azken partidan, Retolaza-Lekue bikotea Gaizka-Elkoro I.aren kontra neurtuko da.
Sarrera 10 eurokoa izango da, eta jadanik salgai daude kultur etxean eta kiroldegian. Batutako zenbatekoa kirolari lekeitiarra Hawaiira joan ahal izatera bideratuko dela azpimarratu dute.
Marka handia
Abuztuaren 20an Copenhaguen (Danimarka) ospatu zen IronManean sailkatu zen Mireia Arrillaga Hawaiiko munduko IronwoManera joateko, bere kategoriako lehen postua lortu ondoren. Sailkapen hori lortzea marka itzela da triatloi munduan dabilen edozein kirolarirentzat, baina badauka kiroletik haratago doan aldea ere: ekonomikoa. Hori dela eta, Lekeitioko Udala eta Garraitz Kirol Taldea abuztutik elkarlanean dabiltza Arrillaga urriaren 14an egingo den proba garrantzitsu horretara joan ahal izateko.
Abuztuaren 30ean, adibidez, Txarriboda eta Sagardo Festa antolatu zen plazan, Hazi fundazioa eta Eusko Labelaren laguntzagaz. Bestalde, Garraitz Kirol Taldeak Arrillagari laguntzeko kontu korronte bat ere jarri du, nahi duenak ekarpena egiteko: ES86 2095 0050 3338 3003 7603 (Garraitz Kirol Taldea).