Turismoa indartzeko proposamen berriak aurkeztu ditu Elantxobeko Udalak
Herriko bizkortze ekonomikoaren aldeko pauso barriak eman nahi ditu Elantxobeko Udalak, eta hala, turismorako dituen balioak indartzearen aldeko proposamen berriak aurkeztu zituen azken osoko bilkuran: hala nola, ibilbide. Modu berean, bizkortze ekonomikoaren 3. faseagaz jarraitzen duela iragarri du.
Aterpetxea izandako eraikineko guneak alokairuan jartzea da udalaren asmoa; alegia, 1, 2, 3 eta 10. sortoak (ekialdean), 7, 8 eta 9 sotoak (erdian eta aurrealdean), 4, 5 eta 6 sotoak (mendebaldean) eta 11 sotoa lehen solairuan. Azken horretan, baina, Ermintxo Elantxobeko Kirol Enbarkazioen Elkarteak hartuko duela toki aurreratu du. Gune horietan, herriko jarduera ekonomiko baterako erabilpena ematea lehenetsiko dute, edota portuagaz lotutako jarduera ekonomiko baterako erabiltzea. Halaber, jakinarazi dute 15 eguneko epea zabalduko dutela uko egindako alokairuetarako eskaera berriak egitea ahalbidetzeko.
Bestalde, udalak gogoratu du aterpetxearen eraikina atzeratzeko aurreproiektuak eragina izango duela gune horien alokairuan. Kosta Mugapeak Elantxoben itsas pasealeku bat sortzea aurreikusten duela azaldu du udalak, “eta horregaz hartutako konpromisoa betetzeko burutu behar den jarduera da eraikina atzeratzearena”. Hala, udalak dio lanean ari dela proiektu hori onartzeko URA agentziak eta aldundiak eskatutako baldintzak betetzeko.
Beste alde batetik, udalaren asmoa Elantxoberi balio erantsi bat gehitzea dela aipatu du, eta horretarako, herrirako ibilbide osasungarri bat proposatzen du; “herri barruko ohiko joan-etorrietarako eta aisialdi aktiborako”. Alegia, herrian egon daitezkeen desorekak leuntzeko lagungarria izan daitekeen ibilbide bat egin nahi du, “gune barriak eta ekipamendu egokiak ezarriz”. Gainera, herriko goiko aldea eta portua lotzeko igogailu bat ezartzea ere nahi du, eta aurreproiektuaren ikerketa bat egitea eskatu dutela azaldu dute. Herrirako “ezinbesteko proiektua” dela iritzita, aldundiari eta Jaurlaritzari laguntza eskatuko diela jakinarazi du udalak.
“Kalitatezko turismoa” lortu nahi du udalak, eta horretarako herriko garapen jasangarria baliatu nahi du, zerbitzu berriak sortuz eta daudenak hobetuz, besteak beste. Horrez gain, zenbait ibilbide turistiko sortzeko plan bat garatu du; hartara, herria oinez ezagutu ditzaten. Baliabide eta ibilbide naturalak eta gai ezberdinetakoak, kulturalak zein historikoak lortu nahi ditu, eta, horretarako, proposatutako ibilbideak markatu eta identifikatzea proposatu dute, herriko gune ezberdinetan panel interpretatiboak ezarriz.
Herriko ondareez ere, “babes berezia” behar duten eraikinak daudela azaldu du udalak, eta horien jabeei gogoratu die Bizkaiko Foru Aldundiak ondare balioa daukaten eraikinak birgaitzeko diru laguntza baten dekretua daukala. Hala, dekretu hori “baliogarria” dela iritzita, diru laguntzak eskatzeko bere laguntza eskaini die udalak herritarrei.