Santaeufemiak aterkipean
Zapatuan Xixili erre ostean, datorren urtera arte agurtu dituzte Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Sabino Ugalde, Pedro Telletxea eta Lurdeiako ordezkariak omendu zituzten Gaztelun.Hamar egunean jaietan murgilduta ibili ostean, normaltasunera bueltat...
Zapatuan Xixili erre ostean, datorren urtera arte agurtu dituzte Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Sabino Ugalde, Pedro Telletxea eta Lurdeiako ordezkariak omendu zituzten Gaztelun.
Hamar egunean jaietan murgilduta ibili ostean, normaltasunera bueltatu dira berme- otarrak. Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak euripean igaro dituzte, eta azken egunak ere hala izan dira.Zapatu gauean Xixili erre ostean, datorren urtera arte agurtu zituzten jaiak. Hala ere, egunak askotarako eman zuen. Santa Eufemia egunez, baserritarrei esker ona adierazi eta haiek omentzeko eguna dute Bermeon. Aurten, Sabino Ugalde, Pedro Telletxea eta Lurdeia landa etxeko ordezkariak omendu zituzten Santa Eufemia enparantzan. Aiarako musika bandako eta Bermeoko Erraldoien Konpartsako kideak ere kalera atera ziren, baina euritik babesteko Lamerako agertokian eskaini zuten emanaldia, urtero legez, Gaztelun egin beharrean.
Etengabeko euriak, hala ere, ez zuen Santa Eufemia eguneko jai giroa zapuztu; mahonak soinean jantzi eta herritarrak kalera atera ziren. Bermeo Hiriko bandera ikustera bertaratutako jende asko ere egon zen goizetik, nahiz eta estropada arratsaldean izan zen.
Aterkiekin, baina, Lamerako nekazal azokan eta Taraskako abereen erakusketan jendearen joan-etorria etengabekoa izan zen. Aurten, gainera, lehenengoz, nekazaritza makineria ere ikusgai egon zen Erriberan.
Arretxeren oiloa, garaile
Euskal Oiloaren III. Txapelketa ere hartu zuen Bermeok, eta sari nagusia etxean geratu zen, gainera. Hain zuzen ere, Sergio Arretxe bermeotarraren 25. kaiolako leposoila izan zen aurtengo Bizkaiko txapelduna. 100 bat oilo egon ziren, eta mota bakoitzeko sariak ere banatu zituzten
Santa Eufemia bezperan, ohikoa da Bermeon nagusien danborrada herriko kaleetatik ikustea. Azken bi urteetan euriagatik bertan behera geratu ostean, aurten, aterruneak aprobetxatuta ateratzea erabaki zuten, tarteka ibilbidea geldituta.