Lurralde auzitegiak ere Julia Lanas auzia artxibatzearen alde egin du
Erantzukizun zibila eskatzeko bidea zabalik utzi du. Epaileak dio egiatzat eman dutela Lanasen deklarazioa, baina hura zauritu zuen polizia ezin dutela identifikatuJulia Lanas auzia artxibatzeko agindu du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak ere. Gernika-Lumok...
Erantzukizun zibila eskatzeko bidea zabalik utzi du. Epaileak dio egiatzat eman dutela Lanasen deklarazioa, baina hura zauritu zuen polizia ezin dutela identifikatu
Julia Lanas auzia artxibatzeko agindu du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak ere. Gernika-Lumoko epaitegiak ertzainei eta Julia Lanasi deklarazioa hartu eta auzia ixteko agindu zuen, instrukzio fasean.Akusazioaren abokatuak, baina, helegitea aurkeztu zuen lurralde auzitegian. Orain, auzitegi horrek bide penala itxi du, baina emandako autoak ate bat zabalik utzi du administrazioari kalte ordainak eskatzeko. Epaileak dioenez, frogatuta geratu da polizia operazio hartan Lanas ez zegoela Jone Amezaga babesteko batu zen jende multzoan. Halaber, epaileak dio ertzain baten kolpeengatik zauritu zela gernikarra. Halere, autoak dio kolpatu zuen polizia zein izan zen ezin daitekeela identifikatu; hortaz, inor ezin daitekeela zigortu.
Familiaren abokatu Aitor Amutiok azaldu duenez, zigor arloan erantzukizunik ezin dezakete eskatu, baina bai arlo zibilean. Epaileak dioenez, ertzainen indarkeriagatik zauritu baitzuten Julia Lanas 2014ko abenduaren 15ean. Beraz, bide zibila jarraitu eta kalte-ordainak eskatu ala ez aztertuko dute orain.
Otsailean deklaratu zuten
Julia Lanas auziagatik 27 ertzaini deklarazioa hartu zien epaileak otsailean; akusatu modura deklaratu zuten hamabostek, eta lekuko modura hamabik.
Amutiok zehaztu zuenez, ertzain denen deklarazioek bat egin zuten. Alegia, Jone Amezaga atxilotzeko agindua zutela, Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindua. Merkatu plazara joan, eta Amezaga babesten zegoen jendea harengandik indarkeria erabili gabe urrundu zutela deklaratu zuten. Borragaz kolpeka ez zirela aritu ere esan zuten, eta inguruan adineko pertsonarik ez zutela ikusi. Hala, Lanas kolpatu eta lurrera bota zutenik ukatu zuten ertzainek epailearen aurrean. Lurralde auzitegiak emandako autoak, baina, argi utzi du frogatuta geratu dela Lanasen deklarazioa egiazkotzat eman dutela.
2014ko abenduan emandako prentsaurrekoan Jone Libre plataformak azaldu legez, Lanasek besoa hautsita zuen, eta hankan zauriak. Horregatik, Ertzaintzaren kontrako salaketa jarri zuen Lanasen familiak. Mediku txostenak, argazkiak eta bideo bat ere aurkeztu zuen abokatuak.