Galbaixo Eguna, bustita baina jai giro ederrean
Euriarekin esnatu zen atzoko eguna Mutrikun, eta jaietako egun handienetakoa bustita hasi zuten. Baina ez zen festarako gogoa zapuztu, eta goizean goizetik hasi ziren Galbaixora igotzen.Lehenengo meza 09:00etan eman zuten, eta horrela egon ziren, ordur...
Euriarekin esnatu zen atzoko eguna Mutrikun, eta jaietako egun handienetakoa bustita hasi zuten. Baina ez zen festarako gogoa zapuztu, eta goizean goizetik hasi ziren Galbaixora igotzen.
Lehenengo meza 09:00etan eman zuten, eta horrela egon ziren, orduro mezak ematen 12:00ak arte. Lehen biak Xabier Andonegiren esku egon ziren, eta beste biak Andoni Illarramendik eskaini zituen. Jai girorik ez zen falta goiz guztian Galbaixon, eta eguna euripean joan arren, egon zen jendea ermita inguruko belardietan eta aterpean hamaiketakoa egiteko aprobetxatu zuena.Goizeko gainontzeko orduak musikarentzat eta kirolarentzat izan ziren. Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarra eta Imanol Illarramendi Kortaberri aritu ziren harriak jasotzen, eta herriko mutilak, Mugertza anaiak, aizkora erakustaldian. Bien bitartean, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariek girotu zuten Galbaixo, eta jende asko animatu zen dantzan egitera, aterpean gehienak, euren trikitixa eta panderoen doinura.
Bien bitartean, goitibeheretan jaisteko asmoa zeukaten herritarrak euren ibilgailuei azken ukituak ematen ibili ziren errepidearen alboetan.
Baina mutrikuar oro itxaroten ari zen hitzordua 14:45 inguruan iritsi zen, goitibeherekin. Orduan bota zuten hasierako txapligua, eta handik hiruzpalau minutura heldu zen lehen goitibera Goiko Plazara, txalo artean. Azken egunotan prestaketa lanak egin eta gero, asko izan ziren Galbaixoko errepideko bihurguneez gozatzeko aukera aprobetxatu zutenak. Euria zela eta, estalki edo aterkiekin jaitsi zenik ere egon zen atzokoan. Asko izan ziren aldarrikapenekin jaitsi ziren herritarrak; Kataluniarekiko elkartasuna adierazi zuten gehienek. Biribilgunera iristean arazoak izan zituzten pare bat kuadrilla ere egon ziren. Azken goitibehera, urtero legez, Potronor izan zen. Berarekin amaitu zen jaitsiera, eta amaierako txapligua 16:15ean bota zuten.
Herrian oso sustraitua dagoen eta jende asko itxaroten egoten zen beste hitzordua 18:00etan hasi zen: sokamuturra. Han ere, goizeko zaparradek eta 16:00ak aldean botatako euriak behegaina bustita utzi zuela eta, hainbat eroriko eta ihesaldi ikusi ziren zezenen adarren paretik. Goitibeheretan zein sokamuturretan adin oso ezberdinetako jendeak parte hartu zuen, urteak igaro arren herriko ohitura direnaren seinale.
Amaiera handia
Egunari amaiera emateko musikaren txanda izan zen. Lehenengo, iluntzean, Bentazaharreko neska mutiko alaiak taldea aritu zen kalez kale, euskal kantu ezagunenak herritarrekin batera abesten; mutrikuar asko hurbildu ziren eurekin abestera. Egunari amaiera goi-goitik emateko, Huntza taldeak jo zuen lepo bete zen Beheko Plazan. Herritarrak pozik geratu ziren kontzertuarekin, eta modu horretan amaiera bikaina eman zioten Galbaixo Egunari.