Azaroan hasiko dira ezartzen hondakin organikoen bilketa
Lea-Artibai Amankomunazgoak urtea amaitu orduko sistema berria martxan egotea du helburu. Gizarte zerbitzuak indartzea aurreikusi dute aurrekontuetanHobekuntza nabarmenekin dator Lea-Artibai Amankomunazgoaren aurrekontua. Horrela iragarri du Rakel Elu ...
Lea-Artibai Amankomunazgoak urtea amaitu orduko sistema berria martxan egotea du helburu. Gizarte zerbitzuak indartzea aurreikusi dute aurrekontuetan
Hobekuntza nabarmenekin dator Lea-Artibai Amankomunazgoaren aurrekontua. Horrela iragarri du Rakel Elu Amankomunazgoaren presidenteak. Izan ere, hondakin organikoen bilketa gauzatu eta gizarte zerbitzuetan hobekuntzak egingo dira urtea amaitu orduko.Martitzeneko Ogasun Batzordean aurkeztu zuen Lea-Artibai Amankomunazgoak aurtengo aurrekontu proposamena. Aurrekontuak onartzea lan neketsua izan dela aitortu du Eluk, egin nahi dituzten hobekuntzek behar handia eragin eta prozesuan oztoporen bat edo beste ere izan dituztelako. «Baina espero dugu hemendik laster batera onarpen hori egotea, eta datorren urteari begira bidea samurragoa izatea, gure eskualdeko biztanleek behar dituzten kalitatezko zerbitzuei dagokienez oinarri sendoak finkatzen ari gara eta», azaldu du.
Lea-Artibai Amankomunazgoak aurretik ere iragarritako hobekuntza nabarmenetako bat hondakinen bilketa sistema berria izango da. Lea-Artibai eskualdea izango da animalia jatorriko organikoa bilduko duen Bizkaiko lehen eskualdea. Orain arte, Bizkaian organiko begetala bildu izan da bakarrik, eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz hainbat bilera egin ostean, hondakin organikoen bilketa osoa burutu ahal izatea lortu dutela azpimarratu du Amankomunazgoaren presidenteak.
Kamioi berriak
Abendu amaierara orduko sistema berria ezarrita egotea da Amankomunazgoaren helburua. Epe hori orduko, herritar guztiak informatu eta edukiontzi berriak jarriko dituzte.
Bilketa sistema berriaz arduratzeko Amankomunazgoak zortzi urterako lehiaketa bat (10 urtera arte luzagarria) jarri zuen martxan, abuztuaren 1ean. Lehiaketa horretan esleipenduna FCC enpresa izan da. Ondorioz, aurrerantzean bera izango da Lea-Artibai eskualdeko hondakinen bilketaz arduratuko dena.
Kamioi guztiak berriak izango dira, bai eta papera/kartoia, errefusa eta organikoa biltzeko edukiontziak ere. Berrikuntza hori eskualdeko herri guztietan ezarriko da, salbuespen bategaz: Ispasterren organikoaren edukiontzirik ez da egongo, bertan hondakin mota horren bilketa orain arteko moduan egiten jarraituko dute, autokonpostaren bidez.
Ezarpena ondo egiteko komunikazioa ere garrantzitsua dela azaldu du Eluk. Hori dela eta, hondakin bilketa sistema berriaz herritar guztiak egoki informatzeko eta hondakinak egoki sailkatzeko zenbait hezitzaile eskualdeko herri guztietan etxerik etxe ibiliko dira azaroan eta abenduan. «Hezitzaileek familia guztiei kit bat banatuko diete. Bertan egongo dira hondakin organikoak jasotzeko ontzi marroia, poltsa konpostagarriak eta edukiontzi marroia ireki ahal izateko txipa izango duen txartela». Eta Amankomunazgoaren lehendakariak azaldu duenez, agortu ahala Amankomunazgoak poltsa konpostagarri berriak banatuko ditu doan. «Bakoitzari azalduko digute sistema zelan doan, eta ze garrantzitsua den hondakin guztiak ondo sailkatzea. Errefusa gutxi egoten da, beste guztia hondakina da, eta hondakinak balio bat dauka. Hondakin horregaz hainbat gauza egiten dira, produktuak berritu edo dirua itzultzen da hondakinon truke, herritarron zerbitzuak hobetzen jarraitzeko».
Ezarpena egiten joateko hiru zonalde banatu dituzte: Markina-Xemein, Etxebarria eta Ziortza-Bolibar; Ondarroa eta Berriatua; eta Lekeitio. Zonaldez zonalde azalpenak eman eta edukiontziak jartzen joango dira. «Hilabete biren barruan herri guztietan egongo da ezarrita sistema berria, eta urte amaieran edo berriaren hasieran, normaltasunez egongo da martxan».
Horrek guztiak sistema garestitu duela azaldu du Eluk, erosketak barne daudelako. Hala ere, zenbat eta hobeto egin, sistemak berak gastuak murriztuko dituela aurreikusten du. Sistema berriak, baina, ez die herritarrei eragingo; tasetan ez dute igoerarik izango.
Zerbitzua sendotzen
Egungo legedira egokitu eta gizarte zerbitzuak indartzeko helburuagaz, Amankomunazgoak gizarte langile berri baten kontratazioa onartu zuen. Ondorioz, aurten, enplegu publikoko eskaintza hori martxan jarri dute, eta prozesua amaitzekotan dago. Hala, Amankomunazgoak pertsona berri bat kontratatuko du lanaldi osoz eta kontratu mugagabeagaz. Baliabide berri horregaz laguntza teknikoa eskaini nahi diete eskualdeko hiru oinarrizko gizarte zerbitzuei.
Lea-Artibaiko Amankomunazgoak arreta psikologikoko zereginetarako kontratatuta zeukan psikologoaren lanaldia ere luzatu egin du, %25ekoa bilakatuz. Hau da, 2016an hilabetean 16 ordukoa zen, eta 2017an, 36 ordukoa.