1926ko irailaren 12ko Kontxa
Kontxako estropadak hainbeste zeresan ematen ari diren aste honetan, 91 urte bete dira Ondarroak bere azken Kontxako bandera irabazi zuenetik.Ondarroako arrauna azken urteetako unerik gozoenak bizitzen ari da. Iaz TKE ligara igotzea lortu ostean, zortz...
Kontxako estropadak hainbeste zeresan ematen ari diren aste honetan, 91 urte bete dira Ondarroak bere azken Kontxako bandera irabazi zuenetik.
Ondarroako arrauna azken urteetako unerik gozoenak bizitzen ari da. Iaz TKE ligara igotzea lortu ostean, zortzigarren postuan finkatu da Antiguako Ama, eta zeresan handia eman du Iriondoren mutilek egindako denboraldiak. Aurtengo helburua erraz beteta, herrian bazegoen halako itxaropen bat mutilek Kontxako estropadetarako sailkapena lortzeko.Baina ezin izan da, ez mutiletan, ez nesketan, baina iritsiko da herriko arraunlariak Kontxako badian ikusteko momentua.
Atzera begiratuta, asteon urteurren garrantzitsu bat bete da. Martitzenean bete ziren 91 urte Ondarroak Kontxako azken bandera irabazi zuenetik.
Ondarroak urte asko zeramatzan arraunean egin barik, baina 1925ean uretara itzultzeko momentua zela erabaki zuten. Orduko Santa Klara eta San Pedro kofradien arteko liskarrak amaitu, eta bi kofradietako herritarrekin osatutako trainerua uretara atera zen. Garai hartan, Club Deportivo Aurreraren izenean eratu zen arraun taldea ere, eta haren baitan bakarrik bi urte egin bazituen ere, oparoak izan ziren. Aurrera 1921. urtean sortu zen, eta Jose Mari Etxaburu Kamiñazpi-k idatzita utzi zuen moduan, «esku bateko atzamarrekin erraz zenbatzen ziren orduan Aurrerak zeuzkan arran- tzaleak ziren bazkideak». Baina haiek izan ziren traineruan sartu zirenak, gehienak inoiz arraun bat heldu gabekoak. Herrian marmarka ibili zen jende asko, Ondarroak zeukan izen ona «hanka azpian» utziko zutelakoan arraunlari haiek.
Lehen estropada 1925ean jokatu zuten, eta saria eskuratu zuten, Bizkaiko Aldundiak emandako garaikur eder bat. Club Deportivon egon zen hurrengo urteko estropadak jokatu arte.
Ama Antiguakua
Arraunean berriz hasi eta urte bete eskasera, Kontxako estropadetara itzultzeko asmoa zabaldu zen herrian. Irailaren 5a zen. Ama Antiguakua nº 1 traineruan eta Juan Bautista Beitia patroi zela abiatu ziren ondarrutarrak Donostiarantz. Baina hori nahikoa ez, eta Ondarroako beste ontzi bat ere Kontxako estropadara bidaltzea erabaki zuten, Ama Antiguakua nº 2. Portugaleteko bandera irabazita zutenez, irailaren 27an bazegoen itxaropenik Kontxako badian emaitza on bat lortzeko. Orduan ere, zortzi traineru aritu ziren lehian, bi domekatara, gaur egunean moduan.
03:30ean meza entzun ostean, eta Antiguako Amari babesa eskatu eta gero, eskifaia itsasoz joan zen Donostiara, 200 tonako itsasontzi batean. Lehen jardunaldian garaipena lortu zuten, 9 segundo aterata ondarrutarrekin batera faborito nagusi zen San Juani. Apustuak 10-8ri zeuden Ondarroaren alde. Baina herrian geratu zirenentzat ez zen eguerdi motza izan ordukoa. Irratirik ez, eta zeuden telefono gutxiak ere aurreko urtean jarritako zentraletik kanpo zeuden, beraz, ezin Donostiako berririk jaso. Baina herrian nola edo hala albisteak jaso behar zirela eta, Ildepontso Urresti gaztea Katein zegoen mikeleteen postura joan zen bere bizikleta hartuta. Han jakin zuen Aurrerako Ama Antiguakua-k irabazi zuela estropada, eta bandera herrira bidean zegoela. Ziztu bizian jaitsi zen Kateitik Alamedaraino, oihuka eta eskuekin keinuak eginez, herritarrek albiste onaren berri eduki zezaten.
Bigarren asteburuan (irailak 12) are abantaila handiagoa atera zion Ondarroak San Juani, gainera, haien traineruan arraun eginda. Garaiko araudiaren arabera, traineruak aldatu behar izan zituzten, eta pasaitarrek ondarrutarrenean eta ondarrutarrek pasaitarren ontzian egin behar izan zuten arraun. Hauek ziren ontzi garailea osatu zuten arraunlariak: Salvador Aldarondo, Casimiro Burgoa, Lorenzo Uribe, Angel Aulestia, Modesto Arakistain, Vicente Akarregi, Jacinto Azpiri, Jose Goenaga, Meliton Bedialauneta, Jose Mari Iturriza, Jose Aldarondo, Salvador Agirre, Juan Azpillaga eta Juan Bautista Beitia patroia. Argazkian agertzen den umea eta taldeko kidea zen bestea Jesus Azpiazu Pintxi zen. Ez zuen arraunean egiten, baina taldekideei behar zutena ekartzeaz eta eramateaz arduratzen zen. 40 minutu eta 35 segundo behar izan zituzten bandera irabazteko; San Juanek 27 segundo gehiago.
Garaiko kronikek ziotenez, Ondarroako arrantzontzi guztiak zeuden Donostiko badiara joanda, eta estropadak amaitu zirenean guztiak abiatu ziren Alfonso XIII.aren Facun-tusin ontziaren atzetik. Bien bitartean, Donostiako uretan, erregeak 13:00ean Donostiako Club Nautico parean egoteko esan zion Ondarroako taldeari, eta iritsi zirenean jakin zuten erregearen ontzia izango zela herrira eramango zituena.
Ikaragarria izan zen ongietorria. Herriko musika taldeak ez eze, Debako banda, Mutrikuko danborrada eta Durangoko orfeoia ere han zeuden.
Kontxako garaipenak ez zuen bakarrik poza ekarri herrira, baita bakea ere, herriak urte luzean bi kofradien arteko liskarrak zirela-eta eduki ez zuen bakea.
Etorkizuna
Kontxan estropadak irabazi ziren garai on haietatik eta ondorengo iluntasunetik igaro ostean, urteak daramatzate Ondarroan arraunaren inguruan on- do lan egiten. Hazi haietatik ernaldu zen lorea, eta hazten ari da zuhaitza. Jende asko dabil lanean egunero herriak eta herritarrek arraunaz gozatzeko, isilean.
Duela urte batzuk amestu ere ez ziren egiten lekuetan dabil orain Ondarroa Arraun Elkartea. Aurten ez da Kontxarako sailkapenik lortu, izatez helburua ere ez zen hori denboraldi hasieran, baina bai lortu da sailkapen estropadan lehen hamar traineruen artean egotea eta Isuntzagaz batera nesken trainerua ere uretara ateratzea. Sariak ez dira beti banderak, eta orduan erein zen bezala erein dute aurten hazia, nesken traineruagaz eta baita TKE ligan ere.