Danborrekin heldu dira
Anaiarte Biltokiaren danborradarekin eta osteko erromeriarekin egin dute eztanda galbaixoek. Goitibeherak, sokamuturra, herri kirolak eta Huntzaren kontzertua dira gaurko protagonistakBart gauean lehertu da festa Mutrikun, Anaiarte Biltokiak antolatuta...
Anaiarte Biltokiaren danborradarekin eta osteko erromeriarekin egin dute eztanda galbaixoek. Goitibeherak, sokamuturra, herri kirolak eta Huntzaren kontzertua dira gaurko protagonistak
Bart gauean lehertu da festa Mutrikun, Anaiarte Biltokiak antolatutako ohiko danborradarekin eta osteko Gaubela taldearen erromeriarekin.Atzo gauekoa beroketa ariketa izango bailitzan hartu zuten herritarrek, gaur baita egun handia, Galbaixo Eguna. Goizean goizetik ari dira mezak ematen Galbaixoko ermitan, eta egun guztian adin guztietako jendearentzat ez da ekintzarik faltako.
Goitibeherak izango dira eguneko protagonista nagusiak. Iaz, esaterako, 80 kuadrillek parte hartu zuten, eta jende asko igo zen Galbaixora. Hori dela eta, zirkulazioan aldaketak egingo ditu gaur Mutrikuko Udalak.
Udaltzaingoak jakitera eman duenez, Maixaneko bidea 13:50 aldera itxi egingo dute, eta baita Baldomin baserrira doan igarobidea ere. Galbaixora igoko den jendetza ikusirik, irtetzeko Olazko bidea hartzeko edo Astigarribiatik jaisteko aholkatu dute.
Mutrikuko sarrerako biribilgunetik Galbaixora doan errepidea ere arratsaldeko tarte batean itxita egongo da. Azken momentura arte ez dutela itxiko azpimarratu dute, baina, gutxi gorabehera, 13:30etik 17:00ak pasatxora arte ixtea aurreikusi dute.
Udalak, gainera, autobus zerbitzu berezia jarri du gaurko. Etengabe ariko da autobusa biribilgunetik Galbaixorako bidea egiten. Zerbitzua erabili nahi dutenek 50 zentimo ordaindu beharko dituzte.
Sokamuturra izango da eguneko beste hitzordu garrantzitsu bat: 18:00etan hasiko da. Udalak gogorarazi du, sokamuturretan parte hartzea debekatuta daukatela 16 urtetik beherakoek, eta zerbait gertatuz gero udala ez dela erantzule egingo.
Iluntzean musikak hartuko du lekukoa, eta 19:30etik aurrera Bentazaharreko neska-mutiko alaiak arituko dira kalez kale euskal kantuak abesten. Eta atzetik, aurten jende pila bat batuko duen ekintza etorriko da. 23:00etan, Huntzak joko du Beheko Plazan.
Piñastei Eguna
Egunik jendetsuena Piñastei Eguna izatea espero dute. Beti izaten da herritarrentzat egun polita, arrantzale arropak jantzi eta portuan egiten den festara batzeko, baina aurten, gainera, zapatua izanik, inguruko herrietako jende gehiago etorriko dela uste dute. Iaz euripean ospatu zuten, eta horrek ilundu egin zuen zertxobait festa giroa.
Aurten, eguerdiko sokamuturraren ostean, Mutrikuko Gure Esku Dago-k ekimen bat antolatu du, kantu bidez eta argazki erraldoia atereaz «Kataluniar herriari babesa adierazteko». Mutrikuarrei etxean dituzten ikurrinak eta Kataluniako banderak eramateko eskatu diete.
Puntistekin hitzordua
Bestalde, bihar gauean Xisteraren finalak ikusteko jende asko espero dute antolatzaileek Miruaitz frontoian. 22:30ean hasita jokatuko dira gazte eta nagusien finalak. Zesta-punta zaleek Mikel Manzisidor herriko puntista izango dute finalisten artean.