Adinekoen balioa eta lana, ikusgai Ondarroan
Igurco Taldeak antolatuta, 'Izan garelako oraindik ere bagara' erakusketa ikusgai dago Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan domekara arte. Hiru ondarrutar ere erakusketako protagonista dira.Izan garelako oraindik ere bagara izenburuagaz, adinekoek gaur ...
Igurco Taldeak antolatuta, ‘Izan garelako oraindik ere bagara’ erakusketa ikusgai dago Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan domekara arte. Hiru ondarrutar ere erakusketako protagonista dira.
Izan garelako oraindik ere bagara izenburuagaz, adinekoek gaur egungo gizartean euren ezagutzak eta bizipenak transmititzeko eta balioak irakasteko duten ahalmena bistaratzen du Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan dagoen erakusketak. Barikutik domekara dago zabalik, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara. Domeka da azken eguna.Erakusketa Igurco Zerbitzu Soziosanitarioak egin du, eta joan den asteko barikuan inauguratu zuten. Ekitaldi horretan egon ziren Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkatea, Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoko presidentea eta Ondarroako Udaleko Ongizateko batzordeburua eta Sonia Robles Igurco Taldeko gizarte langilea. Baina edolona ere, protagonismoa erakusketa osatzen duten argazkietako baten protagonista diren beste hiru emakume ondarrutarrek eduki zuten. Maria Trinidad Bengoetxea Burgoa (Trini), Maria Mercedes Zarraga Larrañaga eta Maria Concepcion Osa Zubikarai (Miren) dira eurak.
Bedialaunetak eta Eluk opari bana eman zieten hirurei, urteetan egin duten lanagatik eta herria eta herritarrak gaur egun direna izateko egin duten ekarpenagatik.
Eguneko Zentroen premia
Eluk esker ona agertu nahi izan zuen: «Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiot Igurco Taldeari egindako lanagatik, eta batez ere lan hori egiterakoan gure herriko emakumeekin gogoratzeagatik. Izan ere, erakusketan gizon eta emakumeak agertzen badira ere, zati handi batean, gaur egungo Ondarroa den bezalakoa da urteak atzera herriko emakumeek egindako lanari esker». Gainera, herriko hiru protagonistei euretaz «harro» dagoela esan zien.
Halaber, Eluk inaugurazio ekitaldia aprobetxatu zuen Eguneko zentroek egiten duten lana eskertu eta zentro gehiagoren premia dagoela aldarrikatzeko. «Urteetan eskatu izan dugu herrian Eguneko Zentro bat nahi genuela, eta azkenean lortu genuen. Baina gutxinaka-gutxinaka lortu behar duguna da herri guztietan, ez bakarrik herri handietan Eguneko Zentroak edukitzea. Oso aberatsa eta oso gauza ona da Eguneko Zentroa, eta herriko adinekoentzat aukerarik onena da».