XVII. Bertsolari Txapelketa Nagusia jokatuko da aurten,
irailaren 23an hasi eta abenduaren 17an bukatuko dena. Guztira,
43 parte hartzaile izango dira; horien artean, Busturialdeko bi bertsolari: Ibon Ajuriagogeaskoa gernikarra eta Onintza Enbeita muxikarra.

Txikitatik bertso giroan murgilduta ibili da Ajuriagogeaskoa eta 11 urterekin herriko bertso eskolan hasi zen. 2009. urtean hartu zuen parte lehen aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusian eta aurtengoa bigarrena izango da. Enbeita ere umetatik bertso giroan hezia da, gaztetatik bertsotan hasia. 2006an iritsi zen lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera, eta harrezkero izan diren final guztietan egon da. Laugarren Txapelketa Nagusia du aurtengoa.
2013ko Txapelketa Nagusiko finalistek eta herrialde bakoitzeko txapelketetan sailkatuek parte hartu ahal izango dute aurtengo txapelketan. 14 saiotan, final laurdenak lehiatuko dituzte lehenengo eta finalaurrekoak ondoren. Final laurdenetan 36 bertsolari ariko dira: 2 Arabatik, 10 Bizkaitik, 16 Gipuzkoatik, 5 Nafarroatik eta 3 Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Xiberoatik.
Enbeita, esaterako,
urriaren 7an ariko da bertsotan
Zallan, eta
urriaren 8an Ajuriagogeaskoaren txanda izango da
Zumaian.
18 izango dira, hain zuzen, bertsolarientzako gaiak jartzeaz arduratuko direnak, eta hogei lagun izango dira epaile lanetan.
Finala abenduaren 17an lehiatuko dute
Barakaldoko BECen, eta bertan 8 bertsolari ariko dira:?Amets Arzallus 2013ko txapelduna eta finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatutako zazpiak.
Txapelketa antolatzeaz arduratzen den Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez,
sarrerak internet bidez (
www.bertsosarrerak.eus) edota
salmenta puntuetan (
www.bertsozale.eus webgunean dago salmenta lekuen jarrita) eros daitezke.
EGUTEGIA
- Final laurdenak
– Irailak 23, zapatua. Ezker paretan, Baigorrin.
– Irailak 30, zapatua. Baratze pilotalekuan, Seguran.
– Urriak 1, domeka. Leitzako udal kiroldegian.
– Urriak 7, zapatua. Mimetiz pilotalekuan, Zallan.
– Urriak 8, domeka. Aitzuri pilotalekuan, Zumaian.
– Urriak 14, zapatua. Beotibar pilotalekuan, Tolosan.
- Finalaurrekoak
– Urriak 28, zapatua. Bastidako udal kiroldegian.
– Azaroak 1, eguaztena. Artaleku kiroldegian, Irunen.
– Azaroak 4, zapatua. Ororena Jai-Alain, Maule-Lextarren.
– Azaroak 12, domeka. Landako gunean, Durangon.
– Azaroak 19, domeka. Bañueta kiroldegian, Amurrion.
– Azaroak 26, domeka. Jai-Alain, Donibane Lohizunen.
– Abenduak 2, zapatua. Anaitasuna kiroldegian, Iruñean.
- Finala
– Abenduak 17, domeka. BECen, Barakaldon.