Sareginek Bermeoko emakume feministen sareak deitutako prentsaurrekoan, herriko beste elkarte eta kolektibo batzuetako ordezkariak ere egon dira; Erroxape, Askapena edota Txosna Batzordea, esaterako.
Kabidxen egin dute agerraldia
Gaur emandako prentsaurrekoan Bermeoko jaietan egon diren
eraso sexistak salatu dituzte.
Txosna guneko bi eraso aipatu dituzte,
“ukituak” izan direla adierazita. Bi neskei, bestalde, babesa agertu diete; “ez daude bakarrik, eta jende asko gara eraso bakar bat ere ez onartzeko prest gaudenak”. Era berean, erasoak jasan dituzten
nesken eta euren lagun taldeen jarrera txalotu gura izan dute, “autodefentsa jokaera oso argia eduki dutelako. Ez zuten erasoa onartu, eta
egilea jai gunetik kanporatzeko jokaera eduki zuten”. Gero eta “kontzientzia handiagoa” dagoela uste dute Sareginek, “eta emakumeok gero eta estrategia gehiago dauzkagu mota horretako egoerei aurre egiteko”.
Herrian, hala ere,
mota ezberdinetako beste hainbat eraso egon direla badakitela azaldu dute, eta horiek guztiak salatzeko agerraldia izan da gaur goizekoa. “Beharrezkoa ikusten dugu eraso horiek gertatu direla esatea. Inondik inora ez ditugu onartuko ez mota honetako erasoak, ez eta beste eraso guztiak ere”, esan dute Sareginek sarekoek.
Gogorarazi dutenez, oraindik jai egun asko daude aurretik, eta, diotenez, ez dituzte baloratuko eraso handiak edo txikiak izan diren, eurentzako
eraso guztiek balio bera daukatelako. Mota horretako eraso gehiagorik ez egotea espero dute.
Eraso sexisten aurrean “tolerantzia zero” izango dela esan dute: “ez irainik, ez ukiturik, ez behartzerik…ez dugu onartuko eraso bakar bat ere ez, larregi da”.
Txosna Batzordeko ordezkariek, bestalde,
txosna gunean eraso sexistei aurre egiteko barne protokolo bat daukatela gogorarazi gura izan dute. “Erasotuta sentitzen bazarete edo zuen alboan erasoren bat ikusten baduzue, eraso txikia izan arren, Txosna Batzordekoengana hurbildu, protokolo bat daukagulako eta ardura bat ere badaukagulako. Babestuta sentituko zarete. Denon artean jaiak herrirako jaiak izatea lortu behar dugu; txosna bete andramari, txosna bete errespetu ere bada”.