Etorkizunerako erronkak eta dinamikak zehaztu asmoz, hausnarketa prozesua abiarazi zuen Astrak. Etorkizunera begira jarri eta azken hamar urteetan hankamotz geratu direnei erantzun bat emateko beharrizana asetzea zuen asmo hausnarketak. Orain, aurrera egiteko, kilometro berria hasiko du Astrak: 4 Km-a.
Hain zuzen, orain arte egindako kilometroen bilgunea izango da: 0,1,2 eta 3 Km-en bilgunea. Azken hamar urteetan Gernika-Lumo asko aldatu dela uste dute Astrako kideek, baita Astra bera ere. Orain arte lortutakoa asko izanik ere, Astrako kideen artean bada nahikoa ez denaren sentimendu bat, eta oraindik lantzeko gauza asko dituztela diote. Hitzak maiatzean egindako elkarrizketan ziotenez, proiektua hasi zenetik 10 urte joan dira, eta Astrakoek uste dute hori ziklo natural bat dela eta aitzaki polita ematen duela euren buruaren erradiografia bat egin eta datozen hamar urteetan nola proiektatzen diren ikusteko. Zehatz esanda, indarguneak nola hauspotu, ahulguneak identifikatu eta nola erantzun ikusteko.
Fase bat itxi eta eta beste bat zabaltzeko prozesua martxan jartzea zen helburua ekainean. Orain, Astra sortu zenean finkatu zituzten baloreak, funtzioak eta egituraketa aztertu eta gaur egun balekoa den edo berraztertu egin behar den zehaztu gura dute; baloreak berrikusi eta praktikara nola eraman zehaztu. Hilaren 15ean, 19:30ean egingo dute ekitaldia. Aurkezpen laburraren ostean, pintxo jana eta musika ipiniko dituzte Astran.
Fase berriaren lehenengo mugarria ere zehaztu dute. Irailaren 30ean egingo dute 4 Km-aren lehen asanblea. Hori izango da kilometro berriaren abiapuntua. Astrako kideek esan bezala, Astra ez da perfektua, eta hutsuneak baditu: «Ezinezkoa okupatu horren anbiziotik elikatu izan gara, eta gehiago nahi dugu». Diotenez, Astra bera eraldatzailea dela egunerokotasunean. Baina Astra sortu zen gizartea eta herria eraldatzeko, eta, zentzu horretan, oraindik egiteko asko dagoelaren ustea dute. «Nork bere ametsak ditu, baina Astran batzen garen denok hautatu dugu amets horiek berton gauzatzea, eta hori da batzen gaituena. Batzen gaituelako, hori da balioan jartzen jakin behar duguna», aipatu zuten hausnarketa prozesuaren hasieran.