Geratzeko jaio da Kalerik Kale kale arteen jaialdia. Mundakako Udalak zapaturako jarri du lehen hitzordua.
Izaskun Agirresarobe eta Maiteder Badiola jaialdiko kartelagaz
Kaleko artea aldarrikatu gura du Kalerik Kale jaialdiak. Era berean, Euskal Herriko herritarrei
kale antzerkiaz doan gozatzeko aukera emateko ere jaio da. Izan ere, urterik urte data mantentzeko asmoa dute. Udatiarrei agur esateko herrian antolatzen den
Euskal Jaiaren osteko asteburuan egingo dutela azaldu dute. «Modu horretan, apur bat luzatu ahalko dugu udaldia», diote antolatzaileek.
Iaz Mundakan egindako Artekale Egunak izandako arrakasta ikusita sortu da Kalerik Kale. Suhar Prest zirku, antzerki, dantza eta musika taldeko
Izaskun Agirresarobe mundakarrak zuzenduko du jaialdia. Dioenez, momentu oro elkarlanean aritu da Mundakako kultura zinegotzi Maiteder Badiolagaz. Mundakako Udalak Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso du Kalerik Kale jaialdia antolatzeko. Gainera, herriko taberna eta komertzio askoren laguntza ere eduki dutela nabarmendu dute.
Lehenengo ideia hiru eguneko jaialdia egitea zela esan du Agirresarobek. Hala ere, aurrekontu kontuengatik, egun bakarrean geratu da.
Espazio ezberdinetan. Herriko txoko ezberdinak aukeratu dituzte ikuskizunak egiteko. Agirresaroberen esanetan, normalean herrian antolatzen diren ekitaldiak plazan egiten dira, eta
jaialdiagaz espazio gehiagotara iritsi nahi zuten.
Zazpi antzerki talde eta hamabost aktore inguru batuko dira zapatuan, Mundakan, «profesionalak guztiak. Lehenengo ikuskizuna 12:30ean izango da, eta gainontzekoak arratsalderako prestatu dituzte.
Musika jaialdi bat badauka Mundakak, eta aurrerantzean kale artea erakusteko jaialdia ere edukiko du. Datorren urteko jaialdirako ideiak ere baditu Agirresarobek; esaterako, harpa jotzen duen Valentziako (Herrialde Katalanak) neska bat gonbidatu gura dute.
Kalerik Kale jaialdiaren atzean «hilabeteetako lana» dagoela aipatu du Agirresarobek. «Kartela egiteko bakarrik denbora asko behar da. Eunate Urrutiak egin du diseinua. Zazpi talde koordinatzeak ere bere denbora eskatzen du». Lana bai, baina «ilusio handia» daukala dio.
Kalean egiteko artea bada ere,
euria egingo balu ikuskizunak
Isla Kale kiroldegian egingo lituzkete, gaueko
Deabru Beltzakena izan ezik; azken hori ez litzateke egingo. Hala ere, ez dute horretan pentsatu gura, eguraldi ona egitea espero dutelako.
Badiola, beste alde batetik, «oso pozik» dago jaialdi berriagaz, eta zapatuari begira «urduri» dagoela dio. «Antzerkia gustukoa daukat, institutu garaian antzerkia egiten ibili nintzelako. Saiatu izan naiz herriko antzerki taldeagaz, jaietan zerbait egiten eta ez da aurrera atera, baina saiatuko naiz berriro ere. Iazko Artekale Eguna ostean, oso pozik geratu ginen, eta diru partida bat gordetzeko proposamena egin zidaten, bai eta diru laguntza berri baten deialdia egongo zela esan ere. Hortaz, diru partida hori gorde nuen, eta mota horretako ekimen gehiago antolatzeko gogoz geratu nintzen. %20ko diru laguntza ere lortu dugu, beraz, pozik gaude», esan du Badiolak.
Herritarren inplikazioa ere «garrantzitsua» izango dela esan du: «Muntaia egiteko hamar lagun inguru behar ditugu, eta herritarrak egongo dira, eta herriko tabernen eta komertzioen inplikazioa ere nabarmentzekoa da».
Kulturaren bitartez jendea erakarri gura dute Mundakara, «beti kalitatea eskainiz». Zapatuan, giro «ezin hobea» egongo dela eta, Mundakara hurbiltzeko deia egin du udalak.
Hemen zapatuan parte hartuko duten taldeak, ordutegiak eta lekuak.