Arraunean datoz jaiak
Malen jaiak urteroko hitzordu saihestu ezina dira mutrikuarrentzat. Baina aurten, badago ekintza berri bat, eta badaude ere jaiak modu ezberdin batean biziko dituzten mutrikuarrak.Geroz eta kirol gehiago egiten da Mutrikun, eta azken aldian, gainera, h...
Malen jaiak urteroko hitzordu saihestu ezina dira mutrikuarrentzat. Baina aurten, badago ekintza berri bat, eta badaude ere jaiak modu ezberdin batean biziko dituzten mutrikuarrak.
Geroz eta kirol gehiago egiten da Mutrikun, eta azken aldian, gainera, herrira emaitza ederrak ekartzen ari da. Horren adibide garbienetako bat izan zen uztailaren 8an Mutriku Arraun Taldeak irabazi zuen KAE 2 ligako Donostiako bandera, herriko mutilekin osatutako traineruan. Lan handia egin du azken urtean taldeak, trainerua atera eta berriz ere lehiara itzultzeko. Eta nola itzuli, gainera!Arraunlari gehienek ahalegin handia egin dute 16 urteren ostean herriak bere trainerua uretan izan dezan. Batzuek aukera eduki dute TKE edo KAE 1 ligako talderen batean arraun egiteko, baina nahiago izan dute herriko arraunaren, arraunzaleen eta izatearen alde egin, proiektu eta kolore batzuetan sinistu.
Gazteak beraiek izan ziren herriko trainerua ateratzeko bildu zirenak. Bildu, eta lehenago Mutriku Arraun Taldeko kideengana jo zuten, laguntza eske, 2000 eta 2001 urteetan Mutrikuko entrenatzailea izan zen Loren Elezgarairengana, esaterako. Guztiek batera lortu dute herriaren izen bera daukan trainerua Kantauri itsasoko olatu artean ibiltzea.
Baina jakina da arrauna oso kirol gogorra dela, eta are gehiago herriko jaiak iristen direnean. Lagunak txosnetan utzi eta arraunlaria etxera joan behar denean, hurrengo egunean Pasaiara joan behar delako arraun egitera. Dena dela, mina txikiagoa da norbere herriko traineruan eta herriaren izenean arraun egin behar denean. Ahalegin hori ez ezik, gainera, une polit bat bizitzeko aukera ere edukiko dute Mutrikuko arraunlariek aurtengo malenetan. Uztailaren 21 eta 22an (Gazte Egunean eta Malen bezperan) parrandarik ez egitearen eta zaindu behar izatearen esfortzuak benetan mereziko du, ligako estropada egongo baita Mutrikun; hainbeste urtean trainerua ezin uretaratuta, eta aurtengoan, malenetan etxeko estropada. Uztailaren 23an izango da, Malen Txiki egunean, 11:30ean.
Taldekideak
Iaz, Ondarroako traineruan aritu ziren proiektu guztiaren oinarri izan diren Mikel Goenaga, Egoitz Elezgarai eta Xabier Urreisti. Azken hori arraunlari eta entrenatzailea da aurten. Beste oinarrietako bat uztailaren 8ko Donostiako bandera historikoa astindu zuen Jenaro Zelaia patroia da. 53 urteko Juan Luis Elezgarairena ere ez da marka makala; bere seme Egoitz Elezgaraik konbentzitu zuen taldeko kide izateko; aita eta semea talde berean. Orain, 19 arraunlari eta 3 patroi daude taldean. Ondarroa Arraun Elkarteak eta Zumaiako Telmo Deun Arraun Taldeak utzitako arraunlariek osatzen dute taldea: Kepa Arrizabalaga eta Unai Leonek eta Aritz Alberdi, Iñaki Aristi eta Adrian Nijsek, hurrenez hurren. Baina arraunlariak uzteaz gain, Ondarroak utzitakoa da, esaterako, gaur egun darabilten trainerua; Aurretik Isuntzarena izan zen. Eta orain daukatena, behintzat, fibrazkoa da, Hondarribiak utzitako trainerua egurrezkoa baitzen. Dituzten bi arraun jokoak, berriz, Isuntzak eta Ondarroak lagatakoak dira: nabarmena da elkarteen arteko harreman ona.
Esperientzia
Jenaro Zelaia patroia da Mutriku Arraun Taldeak trainerua zeukan azken denboraldi hartatik gaur egungo taldean jarraitzen duen bakarra. Taldeak beste bi patroi ere baditu, baina gazteak eta esperientzia gutxirekin, euren 20 urteetarako. Donostiako uretan irabazitako azken bandera aireratzea Zelaiari egokitu zitzaion, itsasoak zeukan egoera ikusita trainerua zuzentzeko patroirik egokiena beteranoena zela pentsatu baitzuten, esperientziak ematen duen gehigarri hori dela eta.
Baina Mutrikuko herria jaiez gozatzen ariko den bitartean, arraunlariek beste era batera gozatuko dute. Lokaletik trainerua atera, eta uretara abiatuko dira, asteko azken entrenamendua egitera, Hibaikako eta Mutrikuko ikurrinei aurre egiteko.