Goikolea, Bideguren eta Murua azalpenak ematen
Bermeoko Udalak Alde Zaharrean etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzeko diru laguntzak emango dizkie Bermeon erroldatuta dauden 18 eta 35 urte bitarteko gazteei. Atzo egindako prentsaurrekoan eman zuten laguntza horien berri Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek, Santi Murua Berualako zuzendariak eta Jon Goikolea Guzaneko zinegotziak.
Diru laguntza horiek hainbat helburu dituztela esan du Bermeoko alkateak: «Gazteei emantzipazio bidean lagundu nahi diegu, eta, era berean, Alde Zaharrera erakarrita. Gainera, etxe hutsak merkaturatu nahi dira, Alde Zaharra biziberritzeko helburuagaz».
Alde Zaharrean alokatzeko diru laguntzak jaso nahi dituzten gazteek 2017 amaitu arte eskariak aurkeztu ahal izango dituzte Berhaz bulegoan. Eskatzaileek 18 eta 35 urte bitartean izan behar dituzte, eta etxebizitza bakarrik, bikotekideagaz edota beste pertsona batzuekin alokatu ahal izango dute. Etxebizitza partekatzen duten gazte guztiak izan daitezke diru laguntzaren onuradun, alokatze kontratua guztiek sinatu eta gainontzeko beste baldintza guztiak betetzen badituzte. Alokairuak, gutxienez, urtebeteko iraupena izango beharko duela jakinarazi dute.
Diru laguntzei dagokienez, eskatzaileen diru sarreren araberakoak izango direla azaldu du Berualako zuzendariak: «Hileko alokairuaren prezioaren %50 izango da, eta, gehienez, 200 eurokoa. Deialdi horren kontura jaso daitekeen diru laguntza 2017ko errentari dagokiona izango da».
Udalaren webgunean. Alde Zaharra biziberritzeko gazteei zuzendutako diru laguntza programaren informazio guztia Bermeoko Udalaren webgunean aurki daiteke. Berhaz bulegoan ere eska daiteke informazio guztia. Ekarpenak jasotzeko prest ere badaudela esan du Bidegurenek, datorren urtera begira hobetu daitekeen programa bat delako: «Ekarpen guztiak dira ongietorriak».
Goikoleak gogorarazi duenez, «joan den urtean Bermeoko politika urbanistikoa eraldatzeko 25 puntuko dokumentua sinatu genuen, eta ordutik hona egindako lanaren fruituetako bat da programa hau». Dioenez, herriko gazteen «kalitatezko bizi independentea» bultzatzea da helburu nagusia, «beraien bizi proiektuak Alde Zaharrean hasteko erraztasunak eta baliabideak eskainiz».
700 etxe huts. Bermeon 2.000 etxebizitza huts daude, horietatik 700 inguru Alde Zaharrean daude. Etxebizitza huts horiek merkatuan sartzeko asmoz, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan (OHGZ) %50eko gainkarga ezartzea onartu zuten azaroko osoko bilkuran EH Bilduren, Guzanen eta Izartu Bermeoren aldeko botoekin. Era berean, emantzipazio programa bat martxan jartzea adostu zuten, gazteei etxebizitza alokatzen laguntzeko eta etxebizitza hutsak merkaturatzeko.
Diru laguntza horiek martxan jarri aurretik, hala ere, udalak inkesta bat egin zuen gazteen beharrak eta iritziak ezagutzeko. Ondoren, inkesta horren emaitzak kontuan hartuta garatu dute diru laguntza programa. 213 erantzun jaso zituzten.