Herri galdeketa egiteko gutxieneko sinadurak lortu dituzte Elantxoben
Elantxobeko Gure Esku Dago-k herri galdeketa egin ahal izateko gutxieneko sinadurak lortu ditu. Hala ere, sinadurak batzen jarraituko dutela iragarri dute dinamikako kideek, eta etxerik etxe informazioa ematen ere ibiliko direla.Domekan Elantxoben Karm...
Domekan Elantxoben Karmen eguna ospatzen zutela aprobetxatuz, lehenengo sinadura bilketa egin zuten Elantxobeko Gure Esku Dago taldeko (Makuesok Elkartea) ordezkariek. Sinadura bilketa prozesua hasi baino ez, eta azaroaren 5ean galdeketa egiteko beharrezkoa den kopurua lortu dutelako oso pozik daude. «Elantxobetarrok A5ean bozkatuko dugula bermatu dugu; balantze positiboa egin dugu, eta ilusioz beteta gaude».
Jai giroan elkartu ziren domekan Arrantzaleen Kofradiaren parean. Herritarrek sinatzen zuten bitartean, umeentzako tailerrak, trikitilariak eta bestelako ekimenak egin zituzten. Halaber, GED-ren kamisetak eskuratzeko aukera izan zuten bizilagunek. 15:30ean talde argazkia atera zuten.
Herri bazkaria, hilaren 31n
Bestalde, San Inazio egunerako (uztailak 31) herri bazkaria antolatu dute. Bazkarirako izena emateko azken eguna uztailaren 25a da, eta herriko tabernetan daude izena emateko zerrendak. Nagusiek 10 euro ordaindu behar dituzte, eta umeek, berriz, 5 euro. Herri bazkaria girotzeko triki-poteoa, sinadura bilketa, umeentzako tailerrak eta kantupostrea egingo dituzte.
Aurrerantzean ere ekimenak antolatzen jarraituko dutela iragarri dute.