San Antonio enklabea desagerrarazteko, orain arte epaitegiek emandako sententziak eta foru araua betetzea eskatu dio Busturiko Udalak Bizkaiko Batzar Nagusiei. Era berean, erabakia «ahalik eta arinen» hartzea eskatu diote Busturiko Udala osatzen duten alderdi politiko guztiek.
Irudi onaren bataila galduta daukatela uste dute: «Enklabean bizi diren bizilagunen nahiaren aurka egiten ari garela ematen du. Guk euren iritzia errespetatzen dugu, baina 1993. urtean Bizkaiko Batzar Nagusiek onartutako foru arauak eta sententziek diotena denok dakigu. Busturiak ezin dio enklabeari uko egin, ilegala izango litzateke». Bizilagun horiei esan gura die olehenengo egunetik beste busturiar bat modura hartuko lituzketela. «Administrazioek, baina, ezin dute legearen aurka egin bzilagunek eskatzen dutelako». Legea, gainera, Busturiko Udalaren arabera, «ez da kapritxo bat, baizik eta interes orokor bat». Bestea, bizilagun batzuen «interes partikularra» dela diote.
1993tik borrokan. Busturiko Udala osatzen duten alderdiek gogorarazi dute 1993. urtean hasi zela gatazka. Bizkaiko Batzar Nagusiek onartutako foru arauak enklabe guztiak kentzeko agindua eman zuenenean. Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak inbentario bat egin zuen Bizkaian zeuden enklabeak zerrendatzeko. Busturiari eragiten zieten bi enklabe zeuden: Bata, Munitiz, Busturiak Sukarrietan zuen enklabea; bestea, San Antonio, Sukarrietak Busturian duen enklabea.
Irtenbide bat eman asmoz, aldundiak zenbait enpresa kontratu zituen enklabe bakoitza aztertzeko. «Azterketa ekonomikoa, soziologikoa… ziren egin beharrekoak. Ondoren, enklabe bakoitzari irtenbidea emateko proposamenak egin zituzten, eta udaletara bidali zituzten, udalek euren iritziak eman zitzaten». Munitiz Sukarrietari ematea proposatu zuten, eta hala egin zen 2003an, «txosten teknikoa errespetatuta». Orduan Busturiak biztanleak galdu zituela gogorarazi dute, «bederatzi bizilagun inguru ziren, asko Busturia moduko herri txiki batentzat».
San Antonio, berriz, Busturiagaz lotzen zuten, «baina Sukarrietarentzat ekonomikoki garrantzitsua zela eta, bost urtez enklabeko diru sarrerak Sukarrietari ematea proposatzen zuen azterketak». Busturiak ez zuen hori ondo ikusi.
Sukarrietatik San Antoniora itsasoa zapaldu barik joan ahal zela eta, Sukarrietako Udala enklaberik ez zegoela esaten hasi zela diote, aldundiak horien alde egin zuela gaineratuta. Gaia, hortaz, auzitara eroatea erabaki zuten Busturian: «Epaileari eskatzen genion, batetik, San Antonio enklabe bat zela adieraztea, eta, bestetik, Busturiagaz lotzea. EAEko Auzitegi Nagusiak 2013an emandako sententziak San Antonio enklabea dela esaten zuen, baina aldundiaren esku utzi zuen irtenbidea».
Aldundiak, hala eta guztiz ere, helegitea jarri zuen Auzitegi Gorenean, bai eta Sukarrietako Udalak ere. Auzitegi Gorenak, baina, aurreko sententzia berretsi zuen 2015ean, eta hiru hilabeteko epea eman zion aldundiari enklabeari irtenbidea eman eta proposamena Batzar Nagusietara bidaltzeko.
Proposamenen bidea. Lehenendik zeukaten txostenari «kasu egin ez», eta txosten berri bat eskatu zuen aldundiak. Lau proposamenen artean, aldundiak Sukarrieta eta Busturia arteko muga lerroa aldatzea onetsi zuen, enklabea bi udalerrien artean banatzeko.
Busturiak epaitegira jo zuen berriro: «Ordura arteko sententzien arabera, foru aldundiaren esku zegoen irtenbidea, hala eta guztiz ere, edozein erabaki hartzeko udalen baimena behar zuen, eta hala esaten zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren sententziak». Baimenik ezean, enklabea inguratzen duen udalerriaren esku geratzea baino ez zegoen, Bizkaiko udal mugarteei buruzko 8/1993 Foru Araua aplikatuta.
Hortaz, aldundiak proposamen hori bideratu zuen Bizkaiko Batzar Nagusietara. «Sukarrietako Udala prozedura eteten saiatu da kasazio errekurtsoa jarrita daukatelako Gorenean».
Batzarkideek botoa ematerako orduan «ez daukatela askatasunik» diote udaletik. Sententzia bat bete beharra daukate batetik, eta, bestetik, Batzar Nagusiek 1993an onartutako foru araua bete behar dute. Aldundiaren azken proposamena ez balute onartuko, hau da, enklabea Busturiari ematearena, «prebarikazioa izan liteke».
Udalaren arabera, «datuek diote diru galerak ez direla horrenbesterakoak Sukarrietarentzat». San Antonio hondartzarako sarbide eta irteerako gastuak ere Busturiko Udalak ordaintzen dituela gogorarazi gura izan dute, «sarbidea Busturiarena delako, baina hondartza Sukarrietarena». Hartara, diotenez, udalak laguntza eskatu dio aldundiari sarbideak konpontzeko, ezezkoa jaso dutela azpimarratuta.
Aldundia, momentu oro, Sukarrietaren alde egiten ari dela uste dute Busturian. Ez dakite «adiskidekeria» izan ahal den, edo Guggenheim egon ahal den atzean: «Guggenheima egitea zailagoa ikusi ahal dute gune hori Busturiarena bada».