Urdaibaik badauka historia bat, eta badauka baita natura eta paisaia berezia ere. Eta bada horiek uztartu eta horiez gozarazteko aukera ematen duen proposamen bat ere: ingurune paregabean dauden aztarnategi arkeologiko nagusiak ezagutzeko aukera ematen duten ibilbide historikoak, hain zuzen ere.
Batzuek jakingo dute, eta ezezaguna izango da, aldiz, beste batzuentzat, baina argi dago aberastasuna egon badagoela Urdaibain; bai, behintzat, historiari eta naturari lotutakoa.
Eta aberastasun hori indartu nahi izan du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta horretarako antolatu ditu udarako ibilbide historikoak, kirola egiteko tartea ere zabalduz. Eskaintza egina du, eta herritarren esku dago horretaz baliatzea ala ez. Aukera, behintzat, abuztuaren azken egunera arte izango du; astelehenetik domekara, martitzena atseden eguna delarik.
Egutegiaren arabera ari dira egiten bisitak; egunean bat edo bi tokitara joateko aukera emanez. Hala, 11:00etan eta 17:00etan dute parte hartzaileek bisita horiez gozatzeko aukera. Euskaraz, gazteleraz eta zeinu-hizkuntzan (azken hori soilik abuztuaren 6an) eskaintzen dituzte ibilbide historiko horietarako bisitak.
Izena emotea beharrezkoa
Bisitarien kopurua mugatua dela kontuan hartuta, eta «kalitatezko zerbitzu jasangarria eskaintzea bermatzeko», bertaratu nahi dutenek izena eman beharko dute aurretiz; telefonoz deituta (688 85 68 89) edota
ibilbideak@bizkaia.eus helbidera idatzita.
Hala, bisitetara joatea doan izango dute 12 urtera artekoek, eta prezio murriztua (2,5 euroan) ordaindu beharko dute 26 urtetik beherakoek, 60 urtetik gorakoek, ahalmen urrikoek, langabeek, pentsiodunek eta familia ugaridunek. Gainontzekoak, aldiz, 3,5 euro ordaindu beharko dituzte.
Ibilbide horiei esker,
Arrolako oppiduma ezagutzeko aukera dago, besteak beste. Eta ibilbide hori egin nahi duenak Nabarnizera joan beharko du, bertan biltzen baitira ibilbidea hasteko. Hala, bertatik irtenda, bi ordu eta 30 minutu inguruko ibilbidea du parte hartzaileak egiteko.
Arrolako Oppiduma Kantauri itsasoko ekialdean dagoen erromatarren aurreko herrixkarik garrantzitsuenetako bat dela gogoratu du aldundiak, Arratzu, Nabarniz eta Mendata udalerrien artean dagoena. «Gastiburu mendikatearen gailurrean eraiki zuten k.a. IV. mendean, eta k.o. I.mendera arte Urdaibaiko bizitza antolatu zuen biztanle-gune nagusia izan zen». Halaber, Arratzu udalerrian, Arrolagune interpretazio-gunea dago.
Arratzutik Forura igarota,
euskal itsasaldeko erromatarren garaiko aztarnategi arkeologikorik ezagunenean murgil daiteke herritarra. K.o. I. mendean sortutako herri multzo horretan 2012ra arte egindako indusketek erakutsi dute hamalau eraikin izan zirela bertan. Gainera, burdina urtzeko labe metalurgiko asko ere aurkitu izan dira, besteak beste. Foruko udaletxetik aterako dira ibilbide hau egitea erabakitzen dutenak. Gutxi gora behera 2 orduko eta 15 minutuko ibilbidea izango da.
Bermeo eta Busturia artean dagoen Tribisburuko nekropolia ezagutzeko aukera ere ematen du aldundiak. Hil-egitura erromatarren multzo harrigarria da, eta orain arte egindako indusketetan, hamar hilobi-egitura aurkitu dira. K.o. I. eta III. mende artean erraustu zituzten hildakoak. Bermeoko Cannon jatetxean hasiko dute ibilbidea parte hartzaileek.
Ereñozar gaztelura bisita egitea ere proposatzen du foru erakundeak. Eta azaldu duenez, «hainbat aldi agertzen dituen nekropoliak eta jada desagertuta dagoen gaztelu baten hondarrek osatzen dute aztarnategia». Gaur egun, ermita txiki bat dauka tontorrean. Bisita hori Ereñotik hasiko dute eta 2 ordu eta 30 minutuko iraupena du.
Azkenik,
Katillotxuko estazio megalitikora ibilbidea proposatzen du aldundiak. 2004 eta 2008 urteen artean induskatutako eta zaharberritutako bi trikuharri eta esku hartzerik izan ez duten hiru tumulu-egitura biltzen ditu. Ibilbide hau egin nahi dutenak Sukarrietako padura parkean elkartuko dira.
EGUTEGIA
UZTAILA
- Ereñozar. 17an (bisita arkeologo baten eskutik), 22an eta 24an.
- Forua. Uztailaren 16an, 19an, 26an eta 29an.
- Arrola. 14an, 15ean, 21ean, 23an (bisita arkeologo baten eskutik,oinez), 28an, 29an (Labayru Fundazioaren bisita berezia, oinez) eta 30ean.
- Tribisburu. 20an, 23an, 27an (bisita arkeologo baten eskutik) eta 31n.
- Katillotxu. 22an eta 28an.
- Atsedena. Martitzenero.
ABUZTUA
- Ereñozar. 3an, 10ean, 12an, 17an, 24an, 26an, 31n.
- Forua. 2an, 5ean (Katillotxuko ibilbide megalitikoa), 9an, 16an, 20an, 23an eta 30ean.
- Arrola. 6an (bisita berezia zeinu-hizkuntzan), 7an, 14an, 19an, 20an (bisita oinez), 21ean eta 28an.
- Tribisburu. 4an, 11n, 13an (bisita naturan), 18an, 25ean eta 27an.
- Katillotxu. 10ean eta 24an.
- Atsedena. Martitzenero.