Bermeoko
Alkartasuna Dantza Taldeak urteko dantza ekitaldia antolatu du
zapaturako. Urtero legez,
Artza frontoian izango da,
22:00etan. Frontoira bertaratzen direnek Euskal Herriko dantza ugari ikusteko aukera “paregabea” izango dute.
Sarrera, gainera,
dohainik izango da. Hala, parte hartzeko deia egin die herritarrei, “festa giro polita” sortuko dela nabarmenduta.
Iaz 40.urteurrena ospatzeko ekitaldi berezia egin zuten
Azaldu dutenez,
50 dantzari eta musikari inguruk parte hartuko dute zapatuko dantza ekitaldian. Arabako dantzekin hasiko dute ekitaldia: Ziegoko makil dantza, arbol dantza, jota…taularatuko dituzte. Ondoren, Gipuzkoako dantzekin jarraituko dute, Lapurdiko inauteriak dantzatu orduko. Fandangoa eta arin arina ere ez dira faltako zapatuan. Urteko dantza ekitaldia amaitzeko, aurten, Larrain dantza aukeratu du Alkartasuna Dantza Taldeak.
Dantza ezberdinen historia ere azalduko dute: “Nongoak diren, eta zelan, noiz eta zergatik hasi ziren dantza horiek dantzatzen”. Beraz, diotenez, “gure herriko ohiturak ezagutzeko eta dantzekin ondo pasatzeko” aukera egongo da zapatuan.
Alkartasuna Dantza Taldekoen arabera, dantza erakustaldiaren helburua “herritarrek Euskal Herriko dantza desberdinak ezagutzea da”. Era berean, taldeak urtean zehar egin duen lana erakusteko ere balio duela diote, “azken finean, guztiok ondo pasatzea da helburua”.