Spookypheria Productions Elkarteak antolatzen duen
Gorefest jaialdiaren urteroko hitzordua ere iritsi da. Hain zuzen ere,
bihar izango da aipatu jaialdiaren 17. edizioa.
Iaz, panpinak izan ziren protagonistak
Beste behin ere, terrorearekin, gorearekin, suspensearekin eta umore onarekin gozatzeko aukera eskainiko du Gorefestak. Spookypheriak antolatzen duen Halloween Metal Festak, aurten, 10.urteurrena beteko duela eta, Gorefest jaialdian
heavy metalak ere bere lekua edukiko duela azaldu dute antolatzaileek.
Mundu mailako film laburrak eta zinema alternatiboa bilduko ditu Gorefest jaialdiak
Nestor Basterretxea aretoan, 20:30etik aurrera. Lehenik eta behin, film laburren txanda izango da. Munduko leku desberdinetatik iritsitako
hamar film labur ikusi ahalko dituzte bertaratutakoek. Aurtengo film laburretan aurpegi ezagunak egongo direla jakinarazi dute. Honako film laburrak jarriko dituzte:
- Mr. Dentonn (Ivan Villamel)
- Into The Mud (Pablo Pastor)
- You’re Gonna Die Tonight (Sergio Morcillo)
- Behind (Angel Gomez)
- Night Of The Slasher (Shant Hamassian)
- Servicio De Habitaciones (Saul Gallego)
- Un Hombre Dulce (Javier Chavanel)
- Por Eso No Tengo Hermanos (Paco Cavero)
- Verde Pistacho (Paco Cavero)
- The App (Julian Merino)
Ondoren, 23:00ak aldera, film luzeen txanda izango da; bi jarriko dituzte, aurten ere. Hala ere, lan luzeen izenburuak ez dituzte jakinarazi. Publikoak momentuan bertan jakingo du zeintzuk diren aurten Gorefestan ikusi ahal izango dituzten bi film luzeak.
Eta, zelan ez, Nestor Basterretxea aretoko emanaldiak hasi aurretik,
animazio aktoreak ibiliko dira herritik,
19:00etatik aurrera. Aurtengo kale animazioak “giro heavy ikaratsua” sortuko du herrian.
Zinemaren alde ilunena gustuko duten horiek, beraz, hitzordu garrantzitsua daukate bihar.
Jaialdirako sarrera 3 euro ordaindu beharko da. Nestor Basterretxe aretora 16 urtetik gorakoak soilik sartu ahalko dira.