Eusko Label Ligaren denboraldiko
lehenengo bi jardunaldiak lehiatu dituzte asteburuan, eta Bermeoko taldeak
sailkapen buru jartzea lortu du. 22 puntu ditu Urdaibaik, eta puntu bakarrera dauka Orio. Hondarribia da hirugarrena 20 puntugaz.
Zapatuan hasi zuten denboraldia, eta Urdaibaik eskuratu zuen VIII Bilboko Bandera. Lehia polita egon zen TKE Ligako iazko bi faboritoen artean. Joseba Fernandezen mutilek 19:25.70 denbora markatu zuten, eta hondarribitarrak haiengandik bi segundo eta 60 ehunenera sailkatu ziren.
Bou Bizkaiako arraunlariak zapatuko garaipena ospatzen.
Argazkia: TKE Liga.
Kaiku eta Orio hirugarren eta laugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren. Oriotarrak izan ziren bigarren txandako azkarrenak (19:53.30).
Hain zuzen, Jon Salsamendik gidatzen duen taldeak lortu zuen garaipena atzo. 19:32.20 denboragaz irabazi zuen
XVI. Sestaoko Udala Bandera.
Ohorezko txandaren estropada hasieran lehia Urdaibairen eta Hondarribiaren artean izango zela zirudien, baina, bigarren ziabogaren ostean egoera guztiz aldatu zen.
Tiran lehenengo txandako azkarrena sailkatu zen bigarren (19.37.16), eta Bou Bizkaiako arraunlariak izan ziren hirugarrenak. Bermeoko taldea irabazlearengandik zazpi segundo eta hamazortzi ehunenera sailkatu zen atzo.