Bizentaren Lumak jolasaren bidez, gazteek andre eta gizonen berdintasuna landuko dute gaur
Bizentaren Lumak solas-jolasa erabilita, Bermeoko gazteek emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz gogoeta eta berba egiteko aukera izango dute gaur arratsaldean. Horretarako, Talako kantinan batuko dira, 18:00etan. Bermeoko Udalak antolatu du ekimena, Elhuyar Aholkularitzagaz elkarlanean.
Karta jolas bat da Bizentaren Lumak; gazteak neska eta mutilen ezberdintasun egoeraz jabetu, eta errealitate hori aldatzeko tresna da, hain zuzen. Gazteen artean emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko jarrerak indartzea dauka helburu.
Berdintasunaren gaiagaz lotuta, “geroz eta baliabide eta material gehiago eta osatuagoak badaude ere, berariaz gazteek berdintasunaren inguruan eta euskeraz hausnartzeko helburuagaz sortutako tresnak urriak dira”, azaldu dute udaletik. Modu horretan, Bizentaren Lumak solas-jolasak norabide horretan ekarpena egiten du.
Jolasa aurrera eroateko, bideratzaile lanak egingo dituen gazte talde bat trebatu du Elhuyar Aholkularitzak. Gaur, 18:00etatik aurrera, gazte horien kuadrillak Talako Kantinara hurbilduko dira, guztiak, aldi berean, jolasean aritzeko.