Udal gobernu eta oposizioak DSBEri buruzko mozioak aurkeztu dituzte
Pobrezian bizi diren denak sisteman barneratuak izatea ziurtatzea eskatu dio EH Bilduk Legebiltzarrari. Udal gobernuak ez du onartu oposizioko taldearen mozioaGernika-Lumoko Eusko Abertzaleak/EAJ-PNV taldeak eta EH Bilduk DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko ...
Pobrezian bizi diren denak sisteman barneratuak izatea ziurtatzea eskatu dio EH Bilduk Legebiltzarrari. Udal gobernuak ez du onartu oposizioko taldearen mozioa
Gernika-Lumoko Eusko Abertzaleak/EAJ-PNV taldeak eta EH Bilduk DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta prestazioari buruzko mozioak aurkeztu zituzten herenegun egindako osoko bilkuran. EH Bilduk aurkeztutakoa kontran bozkatu zuen udal gobernuak, eta Eusko Abertzaleak/EAJ-PNV taldeak proposatutakoan abstenitu egin zen oposizioa.Mozioaren bitartez, EH Bilduk Eusko Legebiltzarrari eskatu dio Gernikan pobrezian bizi diren guztiak sisteman barneratuak izatea ziurtatzea DSBEren lege erreforman, eta horregaz batera, duintasuneko bizi baldintzak berma diezaizkiela. Era berean, DSBEren eztabaida giza eskubideen bermean kokatu dezan eskatu dio, «eta ez kontrol eta ustezko iruzurren inguruan». Alegia, lehentasuna «pobrezia errealitate berriei erantzutea izan behar» duela uste du.
Izan ere, koalizioak salatu du DSBE sistematik kanpo dagoela pobreen %30, eta, gainera, pobrezia gordinena kronifikatze bidean dagoela nabarmendu du.
Kontuan hartuta DSBE «jendartearen kohesioa indartzeko eta ezberdintasun sozialak leuntzeko tresna indartsua» dela, hori finkatzea eta sendotzea «helburu kolektiboa» dela dio.
Eusko Abertzaleak/EAJ-PNV taldeak, bere aldetik, uste du DSBE sistema aringarri bat dela, jendea pobreziatik ateratzea ahalbidetzen ez duena, baina horren efektuak arintzea eta murriztea bilatzen duena. «Hobetu daitekeen sistema» dela uste badute ere, «sistema ona» dela deritze.
Era berean, EH Bilduk aurkeztutako mozioa zuzentzea proposatu zuen hereneguneko osoko bilkuran. Hartara, Eusko Legebiltzarrari gizarte laguntzak arautzen dituen araudi aldaketaren izapidean aurrerapausoak eman ditzan eskatzea onartu zuen, «finantziazioa sendotu eta gizarte babeserako euskal sistemaren iraunkortasuna bermatzea ahalbidetuko duen itun soziala bilatuz».