San Pedro lepoan hartuta
San Pedro Eguna goi-goitik ospatu zuten atzo kostaldeko zein barnealdeko herri eta auzoetan. Urtero bezala, prozesioan atera zuten santua Lekeition, Bermeon eta Mundakan.Arrantzaleen patroi nagusiaren eguna goi goitik ospatu zuten atzo kostaldeko herr...
San Pedro Eguna goi-goitik ospatu zuten atzo kostaldeko zein barnealdeko herri eta auzoetan. Urtero bezala, prozesioan atera zuten santua Lekeition, Bermeon eta Mundakan.
Arrantzaleen patroi nagusiaren eguna goi goitik ospatu zuten atzo kostaldeko herrietan, Lekeition, Mundakan, Elantxoben eta Bermeon, baina, baita Munitibar eta Berriatua bezalako landa eremuetan ere. Urtero legez, kalera atera zuten santua, kalerik kale, prozesioan.San Pedroren omenezko ohitura zaharrak izan ziren atzo goizean, protagonista, Lekeition, eta herritar zein bisitariek ez zituzten galdu nahi izan. Hala, asteguna izan arren, jende ugari bildu zen bai portuan zein plazan.
Sasoi batean baporea hartu behar zuten marinelekin egiten zuten bezala, Dei eittekuak esnatu zituzten atzo lekeitiarrak. Urtero modura, San Pedro egunez, goizean goizetik ibili ziren kalez kale herritarrei dei egiten.
Txistularien dianaren ondoren, 10:30eko meza nagusirako bidea hartu zuten, udaletxetik elizaraino, Lekeitioko Udaleko alkate eta zinegotziek, kofradiako lehendakari eta arduradunek lagunduta. Ordubete baino zertxobait gehiago iraun zuen mezak, eta ordurako prest zeuden herritarrak, eliz atarian, San Pedroren prozesioari jarraitzeko.
Lekitto Musika Bandak lagunduta egin zuten ibilbidea porturaino. Atzo, baina, bi geldialdi egin zituzten bidean, portuko santuaren irudiaren pareraino ailegatu orduko. San Pedro irudia uretara botako zutenaren itxura bi bider eginda Kilin-Kalakoa portuko santuaren azpian batu ziren apaiz , udal ordezkari eta herritarrak otoitz egiteko.
Sanpedropean egin zuen lehendabizi Kaxarranka gainean dantzan Asier Uskolak, irrintzi eta txaloz lagunduta. Kofradia aurrean ere ikuskizuna eskaini zuen, eta azken dantzaldia plaza bete jenderen aurrean izan zen.
Uskola ez zen izan atzokoan plazan dantzan egin zuen bakarra. Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeko neskek aurreskua egin zuten mantoi dotoreekin apainduta. Euri apurra ere egin zuen dantzaldian, baina ikuskizunak etenik barik jarraitu zuen aurrera. Dantzara gonbidatu zituzten ikusleei soinean zeramaten lorea oparituz amaitu zuten saioa.
Erretiratuen bazkariagaz batera, Irrien Lagunen ikuskizuna izan zuten, bestalde, Munitibarren, eta pilota partiduak eta kontzertu mexikarra Berriatuan.
Santua kalera
Ohiturari eutsita, Bermeon eta Mundakan ere San Pedro santua atera zuten atzo kalera. Bermeon, Santa Eufemia elizatik atera eta Alde Zaharretik eta portutik eroan zuten. Ohikoa izaten da San Pedrori lore hostoak botatzea, eta aurten ere etxeetatik hostoak bota zituztenak egon ziren. Mundakarrek ere San Pedro santuaren atzetik joan ziren, elizatik plazaraino. Han, ohorezko aurreskua dantzatu zioten elizara bueltatu aurretik.
Arratsaldean, pilota partiduen ostean, play back txapelketa egon zen Mundakan. Lehenik eta behin, umeak igo ziren plazako agertokira, eta, gauean, herriko nagusien txanda izan zen.
Sanpedroetako azken txanpan sartuta daude mundakarrak, hala ere, oraindik, domekara bitartean, jaietan murgilduta egongo dira. Beste hainbaten artean, sukalki txapelketa izango dute zapatuan, eta, domekan, goitibehera txapelketa Txilipitxeruen eskutik.
Elantxoben San Nikolas elizan meza entzun ostean, kanpoan batu ziren Zornotzako koralaren emanaldiaz gozatzeko. Herriko zein Euskal Herriko abesti ezagunak kantatu zituzten abesbatzeko kideek. Jarraian, Zornotzako txistulariek girotu zuten Eliza-Barri enparantza. Ume zein nagusiak dantzan jarri zituzten txistu doinuek.
Arratsaldean ere ondo pasatzeko askotariko ekintzak eduki zituzten aukeran. Sorgina Txirulina eta Traka Matraka musika tailerrean elkartuko ziren ume eta gaztetxoak, eta, nagusiak mus jokoan aritu ziren. Busturiko Pilotakiro taldeko kideek, berriz, pilota partiduak jokatu zituzten.
San Pedro eguna iragan bada ere, jaiak ospatzen jarraituko dute asteburuan, kostaldean zein barnealdean. Jaiekin hasita dauden herriei beste zenbait herri eta auzo batuko zaizkie: Muxikako Ibarruri, Mendatako Zarrabenta, Markina-Xemeingo Barinaga eta Ziortza-Bolibarko Arta auzoak bai eta Lumo eta Mutriku ere. Hortaz, herritarrek zer egin izango dute, txoko guztietan ume zein helduentzako jarduerak egongo baitira aukeran.