«Noizbait Donostiako Jazzaldian jotzea gustatuko litzaidake»
Azken sei hilabeteak Brasilen egin ditu Amaia Izarzugaza bermeotarrak. Faveletan bizi diren umeei musika irakasteko Favela Brass proiektuaren baitan boluntario lanak egin ditu.Aiama izen artistikoagaz ezaguna da Amaia Izarzugaza (Bermeo, 1982) musikari...
Azken sei hilabeteak Brasilen egin ditu Amaia Izarzugaza bermeotarrak. Faveletan bizi diren umeei musika irakasteko Favela Brass proiektuaren baitan boluntario lanak egin ditu.
Aiama izen artistikoagaz ezaguna da Amaia Izarzugaza (Bermeo, 1982) musikari eta abeslari bermeotarra. Musika latindarra, brasildarra eta jazza egiten ditu.Musika lanbidea ala zaletasuna da zuretzat?
Lanbidea, noski.
Noiztik zaude musika munduan?
6 urtegaz hasi nintzen musika ikasten Bermeon, eta 19 urtegaz atera nuen piano irakasle izateko titulua. 18 urtegaz, udan, Zarautzera joan nintzen jazz mintegira. Bartzelonako Taller de Music-ek ematen zuen tailerra Zarautzen, eta Bartzelonara joatea proposatu zidaten. Hiru urte eta erdi egin nituen Bartzelonan jazz ikasketak egiten piano jotzaile eta abeslari modura; bitartean, Bilbon ere Mr Jam-en jazz ikasketak egin nituen. Daniel Amat piano jotzaile kubatar famatua ezagutu nuen Bilbon, eta kubatar musika gustukoa izanik, Kubara joatea erabaki nuen. Atzerritarrentzako musika eskolan egon nintzen, eta Kubako musikan sakontzeko aukera eduki nuen, musika tresna ezberdinen bitartez: pianoa, ahotsa, konga, bongo eta bateria, hain zuzen ere. Mexikon ere egon naiz, hamar egunerako joan, eta bederatzi hilabete egon nintzen. Hango kontserbatoriora hurbilduta, Korearako abeslaria, piano jotzailea eta gitarra jotzailea behar zituztela ikusi nuen. Mexikar bigaz, hortaz, Seulera joan nintzen Mexiko ordezkatzera; han ere lau hilabete egin nituen. Handik, berriro ere, Mexikora bueltatu nintzen, Kuban eduki nuen musika talde bategaz bira egitera. Bira intentsiboa izan zen. Hala ere, goi mailako ikasketak egin gura nituen, eta 27 urtegaz erabaki nuen sasoia bazela. Hortaz, Herbehereetara joan nintzen, Rotterdamera. Latindar eta brasiliar pianoko goi mailako ikasketak egin nituen han. Ondoren, master bat ere egin nuen, jazzean gehiago sakontzeko. Hortik sortu ziren Aiama Quartet eta Amaia Izarzugaza trio. Hala ere, urte hauetan talde askotan ibili naiz, abeslari edota piano jotzaile. Nazioarteko hainbat festibaletan ere parte hartu izan dut.
Han eta hemen ibilitakoa zara, hortaz.
Bai, txikitatik gustatu izan zait etxetik kanpo lo egitea. Eleizalde ikastolan ikasketak amaituta ere, ez nintzen joan Bermeoko institutura, Lauaxetara joan nintzen, eta, gero Gernika-Lumoko institutura. Esperientzia berriak atsegin ditut, eta jende berria ezagutzea gustuko dut. Zerotik hastea gustatzen zait, betidanik atsegin izan dut.
Aiama duzu izen artistikoa, zer esan gura du, nondik dator?
Beti nabil «ai ama! ai ama!» esaten, berdin dio zein hizkuntzatan ari naizen berbetan. Atera egiten zait. Konturatu nintzen, gainera, Amaia alderantziz zela, eta, hortaz, egokia iruditu zitzaidan. Webgunea ere sortu nuen, www.aiamamusic.com. Aiama Quartet taldeagaz, Bermeoko Jazzber jaialdian ere egon nintzen. Bestalde, latindar, brasildar eta jazz musika jorratzen ditut bakarkako Aiama proiektuan. Nire lana ezagutu gura duenak www.aiamamusic.com-en edo youtuben ikusi ahal du.
Azken bidaia Brasilera egin duzu. Oraintsu iritsi zara.
Hala da, bai. Sei urtez leku berean egon ostean, aldaketa bat behar nuen. Europako bizimoduak ez dauka nigaz zerikusirik. Brasilera joateko aukera eskaini zidaten, eta sei hilabete egin ditut Rio de Janeiron. Boluntario lanak egin gura izan ditut betidanik, Afrikara joan gura nuen, baina Brasilekoa suertatu zitzaidan. Dirurik ez daukaten umeei musika irakasteko proiektu batean parte hartu dut, Pereira du Silva fabelan, Favela Brass proiektuaren baitan. Brass bandak badira ere, melodikoa eta pianoa irakasten ibili naiz ni. 5 eta 15 urte bitarteko ume eta gazteek parte hartzen dute proiektuan, 40 zeuden. Ikasten dutena kalera ateratzen dute; gutxi gorabehera, hilean behin kontzertu bat eskaintzen dute. Modu horretan, faveletatik ateratzeko aukera izaten dute, bestela, ez dira ateratzen. Bizimodua oso garestia da Rio de Janeiron, eta ez dute jasotzen bizitzeko beste. Lanean egon naiz eskola batean, eta badakit. Hala ere, beste bizimodu bat daramate, oso gazte izaten dituzte umeak, eta ez da preserbatiboak garestiak direlako, doan ematen dizkiete eta.
Afrika aipatu duzu, joateko asmorik ba al daukazu?
Afrikara joateko gogoa daukat, bai. Hala ere, badakit Afrikara joanez gero han geratuko naizela; hortaz, ondo planifikatu behar dut bidaia hori. Uste dut Afrikatik gatozela guztiok, horrela sentitzen dut nik, behintzat.
Zure abestirik ba al duzu?
Orain arte gutxi egin ditut, baina Brasilen inspiratuta egon nintzen, eta lau abesti sortu nituen. Abestiak portugaldarrez idatzita daude. Nire esperientzia azaltzen dute nire abestiek, eta pozik nago emaitzagaz. Rotterdamen ere, Brasilera joan aurretik, abesti bat idatzi nuen. Beraz, bost ditut. Orain, abesti horiekin nabil bertoko kontzertuetan. Jendeari, hala ere, musika latinoa gustatzen zaio dantzan egiteko. Beraz, Kubako doinuak ere entzun daitezke nire kontzertuetan, bai eta euskaratuta ditudan jazz abestiak ere, bermeotarrek gustuko dituztenak.
Disko bat ateratzeko asmorik bai?
Bai, gustatuko litzaidake euskarazko abesti horiekin disko bat egitea, Donostiako Jazzaldian egon gurako nuke noizbait eta. Horretarako, materiala behar da erakusteko, bideoek bakarrik ez dute balio. Nik egindako sambak ere grabatu nahi nituzke. Hala ere, momentua bizi dut, etorkizunera begira bizi beharrean. Egunean-egunean bizitzea gustatzen zait.
Kontzerturik ba al daukazu aurreikusita?
Bai, datorren zapatuan, uztailaren 1ean, Bermeoko Ados Gastrotekaren laugarren urteurrenean joko dut, 18:30ean. Uztailaren 16an, Lekeitioko Mantxua tabernan emango dut kontzertua, 13:30ean. Uztailaren 23an, 20:00etan, Bakioko Urzabal jatetxean izango naiz, eta Bilboko Aste Nagusian ere kontzertua eskainiko dut, abuztuaren 24an, Askapenaren txosnan. Markina-Xemeinen ere irailaren 2an daukat hitzordua. Bermeoko andramarietan jotzea ere gustatuko litzaidake, ea animatzen diren.
Aurrerantzean zer?
Proiektu berri bat hasi dut oraintsu, nik egiten dudan musika eta musika elektronikoa uztartuta. Ilusio handiz nago, eta motibatuta. Niretzat berria da, musika elektronikoa gustuko izan dut beti, dantzan egitea baita ere. Hortaz, jendea dantzan jarri gura dut. Gainera, 2013ko Alde Zaharreko sutean galdu nuen etxeari bultzada emateko asmoa ere badaukat. Udazkenean, agi- an, Bostonera (AEB) joango naiz. Lagun batek beragaz disko bat grabatzeko proposamena egin dit, baina oraindik ez dakit posible izango dudan. Eta azken abestien bideoklipak ere laster edukiko ditut esku artean.