Lointek zuzenean sailkatu da EuroCup-eko taldekako fasera
Lointek Gernika Bizkaiak ez du aurrekanporaketarik jokatu beharko EuroCup Women 2017 txapelketan; zuzenean sailkatu da taldekako fasera.Nazioarteko Saskibaloi Federazioak martitzenean jakitera eman zuenez, 40 taldek izena eman dute, eta Euroligako best...
Nazioarteko Saskibaloi Federazioak martitzenean jakitera eman zuenez, 40 taldek izena eman dute, eta Euroligako beste bi taldek ere lehiatuko dute txapelketa. Hortaz, 42 taldek jokatuko dute.
Txapelketako multzoak erabakitzeko zozketa martitzenean (uztailak 4) egingo dute, Munichen (Alemania). Lau taldez osatutako hamar multzo egongo dira.
Irailaren 26tik maiatzaren 2ra bitartean lehiatuko dute EuroCup Women 2017 txapelketa, eta talde gernikarraren lehen partidua urriaren 12an izango da. Momentuz, sei partida jokatzea ziurtatuta dauka. Hiru talderen kontra lehiatuko da; talde bakoitzaren kontra joaneko eta bueltako partiduak lehiatuko ditu. Etxeko partiduak Bilboko Casillan jokatuko ditu.
Euskal selekzioagaz
Bestalde, Euskadiko Saskibaloi Federazioak astelehenean jakinarazi zuen IX. Barakaldo Hiria Nazioarteko Torneoa lehiatzeko Euskadiko selekzioa osatuko duten jokalarien zerrenda.
Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak gidatuko du taldea. Haren laguntzailea Txutxi Solar izango da. Lopez 2012an ere Euskadiko selekzioaren hautatzailea izan zen.
Lopezen aginduetara egongo diren jokalarien artean daude Gernika-Lumoko taldeko Naiara Diez kapitaina eta Gracia Alonso, Yaiza Lazaro eta Ane Olaeta jokalariak. Era berean, 2016-2017 denboraldira arte klub gernikarrean egon den Izaskun Garcia muxikarra (Lacturale Araskigaz jokatuko du 2017-2018 denboraldian) eta GDKO Ibaizabal taldeko Araia Peña gernikarra ere zerrendan daude.
Barakaldokoa hiruko sariketa izango da, eta euskal selekzioagaz Espainiakoak eta Errusiakoak lehiatuko dute.
Uztailaren 7an Espainiaren eta Errusiaren partiduagaz hasiko da txapelketa, 20:00etatik aurrera. Biharamunean, ordu berean, etxeko selekzioak Errusiakoaren kontra jokatuko du, eta domeka eguerdian lehiatuko dute azkenengo partidua Euskadiko eta Espainiako selekzioek, 12:00etan.