JokaTU kirol arloko topaketa
Hitzarguneren baitan, kirol elkarteetan euskara sustatzeko jokaTU programa abiatu dute aurten. Hain zuzen, baloi eta pilotaz jokatzen diren kirolak izan dira batzen lehenak.Euskaraz egin, euskaraz jokatu. Kirolean ere euskara erabiltzeko ahalegin berez...
Hitzarguneren baitan, kirol elkarteetan euskara sustatzeko jokaTU programa abiatu dute aurten. Hain zuzen, baloi eta pilotaz jokatzen diren kirolak izan dira batzen lehenak.
Euskaraz egin, euskaraz jokatu. Kirolean ere euskara erabiltzeko ahalegin berezia egin du Gernika-Lumoko Udalak. Horretarako, Hitzargune programaren barruan elkarteak txertatzea erabaki zuen, eta kirol elkarteak estrategikotzat jo izan ditu 2004tik gaur egun arte. Udalarekin sinatutako hitzarmenaren bidez, elkarteek bere jardunean apurka-apurka euskara txertatzeko konpromisoa hartu dute.Udalak, bere aldetik konpromiso horiek lortzeko baliabideak eskaintzen dizkie kirol elkarteei, doan. Besteak beste, mikro-diagnosia, materiala, itzulpen zerbitzua edota aholkularitza orokorra dute eskura elkarteek.
Orain arteko emaitzagaz pozik daude UDALA eta ARTEZ euskara zerbitzua. Partiduak iragartzeko kartelak euskaraz egiten dituzte, bazkideei bidaltzen dizkieten komunikazioak euskaraz ere idazten dituzte, zelai edota kantxetako kartelak euskaraz daude, eta megafonian euskara erabiltzen da gehienetan.
Baina, jauzi kualitatibo bat eman asmoz, aurten JokaTU proiektua abiatu eta bertan bildu dituzte kirol elkarteak. Baloiz edo pilotaz jokatzen diren kirolak praktikatzen dituzten elkarteekin hasi dira lanean, eta ekainean bi hausnarketa-ekintza saio egin dituzte: ekainaren 7an egin zuten lehena, eta 14an bigarrena. GRT, KESB, Gernika Futbol Kluba, Arkupe, Jai Alai eta Lumo kirol eskola izan dira saio horietan parte hartu duten elkarteak, eta, guztira, 20 pertsona inguru bildu dira: jokalariak, zuzendaritza taldeko kideak, entrenatzaileak, udaleko kirol zinegotzia eta euskara teknikariak, besteak beste.
Saio horien ostean, parte hartzaileak ere egindakoagaz pozik agertu dira: «Saio hauen amaieran konturatu naiz alde batetik, guk herrian eta eskualdean dugun eragin biderkatzaileaz eta gizartean dugun pisua zenbaterainokoa izan daitekeen», zioen batek. Beste baten iritziz, «saio hauetan euskara barik pertsona jartzen da erdigunean , eta landutakoak gure eguneroko edozein jarduerarako baliabideak dira, euskararen erabilerarako ere bai». «Euskarak batu egiten gaitu» aipatu izan dute askok.
Pertsonak erdigunean
Gernika-Lumoko kirol elkarteetan euskararen erabilera areagotzea; hiztun desberdinen arteko enpatia lantzea (norabide bikoa); pertsonen esperientziatik abiatuta eta beraiengan eraginda, eurengana heltzeko modua egitea eta zubiak eraikitzea eta beste errealitate bat sortzea du helburu jokaTU proiektuak. Era berean, euskararekin «azaleko» harremana duten herritarrak inplikatu gura dituzte.
Izan ere, jokaTU proiektuaren gako nagusia erdigunean pertsonak jartzean datza: pertsonen arteko harremanak. Harremanak eraikitzen dituztenean zein betaurreko erabiltzen duten, betaurreko horiek aldatzeko gaitasuna. Pertsona askorentzat euskaraz jardutea eremu batzuetan gauza berria da, baina pertsona bakoitzak izan dezake eragina ingurukoengan, eta, modu batean edo daitezke protagonista. Hain zuzen, hori da jokaTU-k helarazi gura duen mezua.
Aurrera begira, elkarteetako kide, politikari eta teknikariek beste partida bat jokatzeari ekin diote. Konpromiso batzuk hartu, euren artean partekatu eta horiek betetzeko lanean ari dira. Uda ostean, jarraipena egin eta udalak zein elkarteek hartutako konpromisoak betetzeko baliabideak eskaini eta landuko dituzte.
2018ari begira, saio bereziak egitea aurreikusi dute.