Astelehena da Txipiroi probetan aurrez izena emateko azken eguna
Uztailaren 8an lehiatuko dituzte Ean Txipiroi BTT martxa eta mendi lasterketa. Eta Internet bidez izena emateko azken eguna astelehena da.Mendi lasterketa Urdaibai Kopako 4. proba puntuagarria denez, www.urdaibaikopa.eus webgunean izena eman behar da; ...
Mendi lasterketa Urdaibai Kopako 4. proba puntuagarria denez, www.urdaibaikopa.eus webgunean izena eman behar da; 150 korrikalaritan ipini dute muga. Izena ematerakoan federatuek 12 euro ordaindu behar dituzte, eta federatuta ez daudenek 15 euro.
Halaber, mendi bizikleta proban parte hartzeko asmoa dutenek www.kirolprobak.com helbidean izena eman behar dute, eta 180 txirrindulariko muga dago. Aurretik izena emanez gero, 15 euro ordaindu behar dira, eta egunean bertan 20 euro.
Mendi bizikleta probako ibilbidea 43 kilometrokoa da (1.900 m-ko desnibelagaz), eta mendi lasterketakoa, ostera, 21 kilometrokoa (900 m-ko desnibelagaz).
Bi probak Eskolondon hasi eta amaituko dituzte; 09:00etan hasiko da mendi lasterketako partaideen lehia, eta 09:30ean ekingo diete BTT martxari.
Egun osoko plana
Txipiroi Extreme Herri Bizi Bati Tiraka lelopean elkartuko dira Ean. Hala, kirol proba hutsetik haratago, jai giroa egongo da goizean hasi eta gauerarte.
Arratsaldean Txipiroi Txiki egingo dute, 2 urtetik gorakoentzako bizikleta martxa herrigunean zehar. Gauerako, berriz, kontzertuak antolatu dituzte. 22:00etatik aurrera, Vulture’s Fest eta Barrakuda taldeen musikaz gozatuko dute Eskolondoko arkupean.