Kultur Etxea inauguratu dute herritarrekin
Hiru solairuko eraikinean gazteentzako gunea, liburutegia, KZgunea eta erabilera anitzeko gela daude. Udalerriaren «esentzia» biltzen duen artelana jarri dute kanpoaldeanIspasterko «esentzia» jasotzen duen artelanagaz inauguratu zuten Kultur Etxea ...
Hiru solairuko eraikinean gazteentzako gunea, liburutegia, KZgunea eta erabilera anitzeko gela daude. Udalerriaren «esentzia» biltzen duen artelana jarri dute kanpoaldean
Ispasterko «esentzia» jasotzen duen artelanagaz inauguratu zuten Kultur Etxea domeka eguerdian. Eneko Arruza eta Carlos Baudi artistek egindako obrak «guneari harrera» ematen diola zehaztu du Garbiñe Saenz de Buruaga Ispasterko alkateak. «Margolan zehatz edo soil bat izan beharrean, jendeari geratzeko, pentsatzeko eta hausnarketarako momentua ematen edo gonbita egiten dio».Herritarrekin batera, eraikinaren kanpoaldean dagoen artelanaren egileak egon ziren domekan. Aurreskua dantzatu, eta Arantza Kintana lekeitiarrak irrintzia bota zuen, artelanean islatu duten irrintzia irudikatuz.
Egileek azaldu zutenez, «herritarren aniztasuna eta herriko bizitza» jasotzen ditu lanak, ume baten zirriborro bat bailitzan «esentzia abstraktua» da. Askotariko marren eta koloreen artean musika kultura eta artistikoa erakusten ditu, irrintzi baten deiadarraren bitartez.
Kultur Etxeko artelana, artistek «mimoz eta maitasunez» egin dutela azpimarratu du udalerriko alkateak, biek ala biek herria eta ispastertarrak zelakoak diren ezagutzen dutela nabari da. Kultura eta Ispasterko esentzia batu dituzte obran. «Herriagaz duten lotura igartzen da. Ideia bat helarazi genien, eta ikusten da ideia hori lantzen aritu direla. Herriko esentzia oso ondo islatu dute, bai eta esentzia horretan dauden osagaiak ere».
Hiru solairuko eraikina
Kultur Etxea hiru gunetan banatuta dago. Beheko solairua gazteentzako gunea izango da. Haiekin gunearen funtzionamenduari buruzko hiru bilera egin ostean, gazteek eurek egin dute arautegia.
Lehenengo solairuan liburutegia eta KZgunea daude. Orain arte liburutegirik ez dute eduki, eta KZgunea udaletxeko goiko solairuan egon da.
Goiko solairuan, berriz, erabilera anitzeko gela dago.
Kultur Etxea inbertsio garrantzitsua dela nabarmendu du Ispasterko alkateak. «Guztiz garrantzitsua da halako espazio bat egotea. Gero eta ume gehiago daude eskolan, ia 70 ume daude, eta haiek lanak egiteko edota kontsultak egiteko gune baten beharra daukate».
175.000 euro inguruko inbertsioa egin dute. Bi fasetan burutu dituzten lanetarako Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura Sailetik eta Eusko Jaurlaritzaren Erein programatik diru laguntzak jaso ditu udalak.
Epe zehatzik ez daukate, baina liburutegia eta KZgunea laster egongo dira erabilgarri; udan zabaltzea aurreikusten dute. «Atondu egin behar dugu. Liburutegien sarean sartzeko tramiteak egiten ari gara».