Gaztelugatxerainoko bidea, San Joan egunean
San Joan egunak garrantzia berezia dauka batzuentzat; festa giroan murgiltzeko aukera da beste batzuentzat. Era batera edo bestera, etxean geratzeko aitzakiarik ez da izaten egun horretan; han edo hemen zer egin eta zegaz gozatu egoten baita. Bermeon, esaterako, Arane-Gibelortzaga auzoan ospatzen dituzte sanjoanak. Hain justu, umeen jokoak eta herri kirolak izan zituzten aukeran atzo arratsaldean bertaratutako herritarrek, eta iluntzean, berriz, erromerian kanta eta dantza eginez ospatu zuten San Joan eguna. Musikak ez zuen etenik izan gau osoan zehar, 21:00etan, herriko talde batek kontzertua eman baitzuen, eta ondoren, kontzertu nagusiaz gozatu zuten.
Hala ere, Bermeoko auzo horretara joan aurretik, asko eta asko izaten dira Gaztelugatxera joateko erabakia hartzen dutenak. Atzo euria bazuen ere, lagun ugari izan ziren ohiturari hutsik egin barik Gaztelugatxerainoko bidea egin zutenak. Egun horretan, gainera, meza ematen dute bertan goiz osoan; 06:30erako bertan izaten denik ere bada. Ohitura ere bada gora ailegatzerakoan kanpaia jotzearena, eta atzo, ilara luzeak itxaron behar izan zituzten hori egin nahi izan zutenek.
Gaztelugatxetik jaitsi, eta Aranen geldialditxoa egin zuten horietako batzuek, bertako jaiak zirela aprobetxatuta.