Gorpuzti Jaien azken asteburua izan dute ibarrangelutarrek, eta ohi bezala, mendi martxan eta Paella Egunean elkartu dira udalerriko zein inguruko bizilagunak.
Zortzigarren mendi martxa izan da aurtengoa, eta parte hartzaileak bi ibilbideetako bat aukeratuta abiatu dira goizean goiz mendira. 08:30ean atera dira
22 kilometroko ibilbidea egitea aukeratu dutenak, eta 10:30ean, aldiz, 9 kilometroko martxa laburra egiteko hautua hartu dutenak.
Ibilaldi luzekoek, mendirik mendi eta kostaldetik pasatuz, Ibarrangelu alde batetik bestera zeharkatuko dute, besteak beste, Laga eta Laida hondartzetatik, Antzora auzotik, Kanaletik, Atxarretik eta Tremoia auzotik igarota. Ibilbidean zehar, jan-edanagaz hiru anoa-postu izango dituzte.
Ibilbide laburrekoek, berriz, Bolueta, Gorozika, Iruzkieta eta Tremoia zeharkatuko dituzte, besteren artean.
Paella Eguna. Atzo, bestalde, kuadrilletan elkartuta, paellak prestatzen aritu ziren. “Giro oso ona” izan zen bertan. Hamasei taldek aurkeztutako kazolen artean, Txutxi eta Mari Angelesena aukeratu zuen epaimahaiak onena legez; bigarren saria, aldiz, Atxurkulu taldeari egokitu zitzaion, eta hirugarrena , azkenik, Bertokoak taldeari. Irabazleek Idiazabal gazta, txanpan botila eta herriko jaietako zapia jaso zitzten; bigarrenak gazta erdia eta txanpan botila, eta hirugarrenak gazta laurdena eta txanpan botila. Aurkezpenak aurkezpen eta irabazleak irabazle, nork bere paella jateko aprobetxatu zuen. Batzuk txokoan bildu ziren, eta besteak udaletxe eta elizpean.Ibilbideak amaitzean udaletxe aurrean hamaiketako ederra izango dute, eta parte hartzaileek mendi martxako motxila bana jasoko dute.
Arratsaldean, berriz, Ibarrangeluko, Elantxobeko, Eako eta Gautegiz-Arteagako umeen esku pilota eta pala partiduak ikusteko batu ziren frontoian.