Bermeoko Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailaren laguntzarekin, Gaztelugatxeko Biotopoan dagoen
Ermupe kala garbitu du. Matxitxako eta Aketza uhartea artean dagoen kala da Ermupe, eta, han zeuden
hondakinak kendu dituzte. Itsasoa bare baldin badago, datorren astelehenean [ekainak 26], Ermupen bildutako
hondakinak itsasoz aterako dituzte, Gurutz Gorriaren laguntzarekin. Handik,
Bermeoko portura ekarriko dituzte. Behin portuan, portuko garbiketaz arduratzen den Bidezain S.L. enpresaren laguntzari esker, berezko edukiontzi batean utziko dituzte, eta, ondoren, kudeatzaile baimendu baten bitartez kudeatuko dira.
Ermupen, hondakinak pilatzen. Argazkia: Bermeoko Udala
Irune Ormaetxea ingurumen zinegotziak eta Gaizka Aurrekoetxea ingurumen teknikariak azaldu dutenez, “Ermupen
garbiketa lanak egitea nahiko konplexua izan da. Leku
oso aldapatsua eta arriskutsua da, eta, horregatik, lana enpresa espezializatu batek egin behar izan du”. Brigada batek kostalde zati horretako hondakin guztiak
eskuz batu ditu lehenengo, eta puntu bakar batean pilatu dituzte. Horrez gain, hondakinak multzotan pilatu eta tolestu egin dituzte, “itsasoz errazago atera ahal izateko”, esan dute.
Ermupeko garbiketa lan horiek
lehen aldiz egin dira. “Nahiz eta Bermeoko Udalaren ardura zuzena ez izan, Gaztelugatxeko biotopoaren garrantziaz jabetuta eta bertan oraintsu beste garbiketa eta berreskuratze lanak egin direla kontuan hartuta, kala hori ere hondakinez garbitzea erabaki dugu”, dio Ormaetxeak.
Ermupeko kala Gaztelugatxeko biotopoan dagoenez, garbiketa lanak egiteko, aurretiaz, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Itsasertz-Mugartearen baimenak lortu behar izan dituztela azaldu dute. Bertan,
gehienbat, plastikozko ur botilak pilatu dituztela esan dute,
bai eta arrantzatik sortutako hondakinak ere; hala nola, arrain kaxak, sare zatiak, sokak eta buiak.