Bihar Bizkaiko Txapelketa lehiatuko dute Ereñoko Raidean
Bost kategoria daude, eta 40 km-ko proban lehiatuko dute Bizkaiko Txapelketa. 80 km-ko hiru kategorietako partaideak 09:00etan hasiko dira; besteak 10:00etanEreñozar Endurance eta Urdaibai Zaldi Taldeak antolatuta, bihar lehiatuko dute Ereñoko XI. Ra...
Bost kategoria daude, eta 40 km-ko proban lehiatuko dute Bizkaiko Txapelketa. 80 km-ko hiru kategorietako partaideak 09:00etan hasiko dira; besteak 10:00etan
Ereñozar Endurance eta Urdaibai Zaldi Taldeak antolatuta, bihar lehiatuko dute Ereñoko XI. Raida. Bost kategoria lehiatuko dituzte: CEI 80 km, CEN 80 km, CEN O 80 km, CEAP 60 km eta CEAP 40 km. Hain zuzen, azken horretan jokatuko dute Bizkaiko Txapelketa. Kategoria guztiak kontuan hartuta, 50 bat zaldizkok parte hartuko dute raidean.80 kilometrokoa egingo duten zaldizkoak 09:00etan irtengo dira Gabika auzotik, eta ordubete beranduago hasiko da 40 kilometroko eta 60 kilometroko zaldizkoen lehia.
80 kilometroko ibilbidea hiru fasetan banatuta dago; lehenengoak 34 kilometro ditu, eta bigarren eta hirugarren faseak 23 kilometrokoak dira.
Era berean, 60 kilometroko proba lehiatzen dutenek 23 kilometro burutuko dituzte lehenengo fasean, bigarrenean 17 kilometro egin beharko dituzte, eta amaitzeko, berriro ere 23 kilometroko fasea dute. 40 kilometroko kategoriako zaldizkoek, berriz, lehenengo fasean 23 kilometro egingo dituzte, eta bigarrenean, 17 kilometro.
Antolatzaileek azaldu dutenez, fase bakoitza kolore batez ezberdinduta egongo da: 34 km-koa laranjaz, 23km-koa zuriz eta 17 km-koa urdinez.
Ereño eta Nabarniz udalerrien artean egingo dute raida, eta aurten ibilbide berri bat estreinatuko dute: «Orain arte bi ibilbide eduki ditugu, eta aurten beste bat prestatu dugu; leunagoa eta errazagoa da, eta uste dugu jendeari gustatuko zaiola».
Sari banaketa arratsaldean
Urtero legez, sariak arratsaldean banatuko dituzte. Kategoria bakoitzeko lehenengo hirurak garaikurragaz eta zaldientzako pentsu zaku banagaz sarituko dituzte. Era berean, maila bakoitzean lasterketa baldintzarik onenetan amaitu duten zaldiak ere sarituko dituzte.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, 80 kilometroko partaideetatik azkenengoa heldu eta gero banatuko dituzte sariak, 18:00ak inguruan.