Zuzeneko jazz emanaldiek girotuko dute uztailean, Uhagoneko terraza
Markina-Xemeingo I. Jazz Jaialdia antolatu du Uhagon kulturguneak uztailaren 6tik 9ra. Emanaldi guztiak doakoak izango dira. Ikutu markina-xemeindarra edukiko du jaialdiakUhagon kulturguneak Markina-Xemeingo I. Jazz Jaialdia antolatu du uztailaren 6, 7...
Markina-Xemeingo I. Jazz Jaialdia antolatu du Uhagon kulturguneak uztailaren 6tik 9ra. Emanaldi guztiak doakoak izango dira. Ikutu markina-xemeindarra edukiko du jaialdiak
Uhagon kulturguneak Markina-Xemeingo I. Jazz Jaialdia antolatu du uztailaren 6, 7, 8 eta 9rako. Jaialdia ilusio handiagaz eta pixkanaka hazten joateko asmoz jaio dela azaldu dute antolatzaileek. Gainera, ikutu markina-xemeindarra izango du. «Lehenengo jaialdia Karmen jaien bezperetan ospatuko da, eta herriko ikutua eman nahi izan diogu, bai parte hartzaileen aldetik, Pablo Fernandez Arrieta eta Haizea Martiartu markina-xemeindarrak dira, baita kartelaren diseinuan ere», esan dute.Jaialdiaren helburu nagusiak musikarenganako interesa sustatzea eta jazza hiriburuetako zirkuituetatik herrietara gerturatzea direla azaldu dute antolatzaileek. Horregaz gainera, kalitatezko jaialdi bat antolatu nahi dute, jazz musika publikoari hurbiltzea, interes musikal eta artistikoa duten pertsonei musikari profesionalekin bertatik bertara lan egiteko aukera ematea, eta azkenik, Uhagon Kulturgunea eta Markina-Xemein ezagutzera ematea.
Kulturguneko terrazan
Uztailaren 9koa izan ezik, gainerako emanaldiak Uhagon kulturguneko terrazan izango direla zehaztu dute antolatzaileek, denak doan. Eguraldi txarra balego, berriz, kontzertuak kulturgune barruan izango lirateke.
Bestalde, uztailaren 9ko emanaldia Arkupe aurrean hasiko dela jakinarazi dute, eta alde zaharreko kaleetan zehar ibiliko dira musikariak.
Lau emanaldi eta masterclass berezi bat eskainiko ditu bere lehen urtean Markina-Xemeingo jaialdiak. Victor de Diego Trioren eskutik dator ikastaroa, eta hori ere doakoa izango da. Parte hartzeko, hala ere, izena eman behar da, aldez aurretik, 94-616 63 03 telefono zenbakira deituta edo kulturgunea@uhagon.com helbide elektronikora idatzita.
Horrez gain, Charlotte Gerard irakasleagaz Lindy Hop dantza saio irekia ere egongo dela aurreratu dute antolatzaileek, eta ondoren, musika eta dantza uztartuko dituen Swing-Lindy jaia Bilbao Lindy Band taldeagaz batera.