Zapatuan Durangoko atletismo-pistan jokatu zuten
13 klubek. Tolosa Atletismo Taldeak lortu zituen puntu gehien, eta Bermeoko taldearen atzetik Ordizia Txindoki Atletismo Taldea sailkatu zen.
Taraska Atletismo Taldeko nesken kadete taldeak
gutxigatik ez du lortu Euskadiko Txapeldun izatea: “Pena da azken proba, 4X300 metrokoa, baliogabe utzi ziguten akats bat egin genuelako. Ordurarte lehenengo gindoazen, puntu gehien genituen”.
Klubetako kideek
bederatzi proba burutu zituzten eta horietan lortutako puntuazioa batuta osatu zen sailkapena. Hain zuzen, proba hauek egin zituzten: 300m, 600m, 1.000m, 3.000m, 100m hesi, altuera-jauzia, luzera-jauzia, disko jaurtiketa eta pisu jaurtiketa.
Erreleboen
4X100 proban, esaterako,
bermeotarrak izan ziren
onenak. Haien atzetik Ordizia Txindoki AT eta Durangesado running sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Olatz Arrienek, Izaro Egibarrek, Lorea Erekatxok eta Nagore Odiagak burutu zuten aipatu proba.
Halaber, disko jaurtiketa eta luzera-jauzia probetan bigarren postua eskuratu zuten.
Erreleboen 4X100 proban azkarrenak izan ziren bermeotarrak.
Taraska Atletismo Taldeko arduradunek zehaztu dutenez, urteko proba “garrantzitzuenetarikoa” da Euskadiko Kluben Txapelketa, eta bigarren sailkatzea urte osoko lanaren emaitza, fruitua da.”Nahiz eta talde txiki bat izan, gogoagaz eta lanagaz zer lortzen den erakutsi dute berriro ere gure neskek”.
Gainera, maila guztietako taldeko kide guztiek “meritu itzela” dutela nabarmendu dute. Izan ere, herrian ez dute atletismo pistarik eta ondorioz, kalean entrenatzen dira.
Gernika Atletismo Taldea 19 urtez azpikoetan
19 urtez azpikoen txapelketa ere jokatu zuten Durangon, eta Gernika Atletismo Taldea hamaikagarren sailkatu zen.
Gernika-Lumoko taldeak bigarren urtez lehiatu du aipatu txapelketa. Taldeko arduradunek azaldu dutenez, 10 atletak lehiatu zuten txapelketa, eta denek haien
markak hobetzea lortu zuten.
Esate baterako,
Ager Badiolak lehenengoz parte hartu zuen altuera-jauzian, eta 1,70 m-ko markagaz laugarren sailkatu zen. 3.000 metroko proban, berriz,
Mikel Goitia bigarren geratu zen. “Lasterketa oso polita izan zen eta Goitiak oso lan ona egin zuen”. Era berean,
Jon Ander Asturiasek bigarrengoz lehiatu zuen disko jaurtiketa proba eta 23 metro pasatxoko markagaz sailkapenaren erdialdean sailkatzea lortu zuen.
Zapatuan bakarkakoa
Bermeoko eta Gernika-Lumoko taldeek zapatu honetan
Gasteizen dute hitzordua. Izan ere, Euskadiko Kadeteen Bakarkako Txapelketa jokatuko dute bertan. Ondoren, uztailaren lehenengo asteburuan Murtzian jokatuko dute Espainiako Txapelketa.