Eguraldi onagaz, badator giro ona ere Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialera; badatoz Astra iluntzeak. Bihar hasita, eta sei astez, musikak girotuko du arma lantegia izandakoa, hain zuzen, eguazten iluntzetan.
Urtero urtero aurrera darraien ekimen berezia da Astra iluntzak-ena, eta hori posible egiten dute «herritar boluntarioen lanak eta ikusleriaren harrera onak». Hori dela eta, aurten ere, eguazten iluntzeetan musikari lotutako plan alternatibo bat izango dute aukeran herritarrek. Musika baino gehiago egongo da, hala ere, egun horietan; bertaratutakoek jan-edanaz gozatzeko aukera ere izango dutelako.
Aurten, Gernikako Rudelari taldearen eta Swingtxakuko dantzarien elkarlanak, Tukatukada batukada taldeak, Egurre gazte asanbladk, Lilibertso bertso eskolak, Sare Gernika-Lumok eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdeak egingo dituzte posible Astra iluntzeak. Izan ere, horietako eragile bakoitzak eguazten banaren ardura izango du; alegia, ekimena lotu beharko du, jatekoa egin, terraza atondu, soinu teknika lanak burutu, barraz arduratu, garbiketa lanak egin…
Lan horren atzean egongo direnek, beraz, bihar hasi eta datozen sei eguaztenetarako hitzordura gonbidatzen dituzte herritarrak: 20:00etan, Astrako kanpoaldean biltzeko deia egin dute.
Egitaraua, egunez egun
- Bihar. Titanians in Dub. Antolatzailea: Gernikako Rudelari Taldea eta Swingtxaku.
- Ekainak 28. Bertso saioa: Uxue Alberdi, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta Koldo Gezuraga. Gai jartzailea: Leire Garatxena. Antolatzailea: Lili bertso.
- Uztailak 5. Brand New Sinclairs. Antolatzailea: Tukatukada batukada.
- Uztailak 12. Keu Agirretxea. Antolatzailea: Sare Gernika-Lumo.
- Uztailak 19. Peputz kantautorea. Antolatzailea: Egurre Gazte Asanblada.
- Uztailak 26. Ikuskizuna. Antolatzailea: Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdea.