Eako Udalak
barikuan aldatu zuen xafla, gaztelaniaz idatzitakoa kendu, eta Etxebarriko Rosa Etxabe artisauak egindako euskarazkoa jarri dute.
Izan ere,
Primo de Riveraren diktadura arte Natxitua euskaraz idatzita agertzen zen xafla egon zen plazan.
Natxitua euskaraz agertzen den Indalecio Ojangurenen argazkia.
Euskara Batzordearen ekimenez, iazko maiatzean Eako Udalak
Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zion “erreparazio historikoa” egiteko. Hain zuzen ere, txosten bat helarazi zuten aldundira. Bertan, besteak beste, antzinako argazkia sartu zuten Natxitua euskaraz agertzen zen xaflagaz.
Baina azaldu dutenez, aldundiak “kasurik egin ez” dienez, udalak xafla aldatzea erabaki du.
Zehatz esateko,
bi saiakera egin dituzte; aldundiko bi sailetara igorri zuten eskaera. Lehenengo Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako Zuzendaritza Nagusira bidali zuten eskaera, eta sail horren eskumena ez dela erantzun zieten. Ondoren, Ondare Sailera zuzendu ziren, baina, horretatik ez dute erantzunik jaso.
Aldaketa egiteko Eako Udal Batzak eta Euskara Batzordeak igorritako agirian honako bi
arrazoi nagusiak zehaztu zituzten: izen ofiziala eta euskal era arautuaren arabera Natxitua da, eta arrazoi historikoari dagokionez, jatorrian euskaraz jarri zen errotulua, eta Primo de Riveraren diktadura sasoian gaztelaniara aldatu zuten.
Bizkaiko Foru Aldundira bidalitako txostenean agertzen den argazkia
Indalecio Ojanguren argazkilariarena da, eta Gipuzkoako Artxibo Orokorrean topatu zuen udalak. “Argazkiaren data zehatza ez dago jasota, baina Foru Agiritegian agertzen diren erabakien arabera 1918-1920 bitartean jarritakoa izan behar du plakak”.
Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiko
Ondare Historikoaren Zerbitzuko Foru Agiritegian Fomento caja 501 exp 263/1918 artxiboan topatu zutenez, 1918ko martxoaren 30ean hartu zuten aipatu errotuluak herrietan jartzeko erabakia. Artxibo horretan dakarrenez, “jatorrian diren moduan” jarriko dira herriko izenak, euskaraz edo gazteleraz.
1924ko urtarrilaren 24an Bizkaiko herrietako errotuluak
gaztelaniaz jartzeko erabakia hartu zuten, eta otsailean gauzatu zuten erabakia.