Gernika-Lumoko klubak aurkeztutako proiektua onartu dute Nazioarteko Saskibaloi Federazioak (FIBA
) eta Espainiako Saskibaloi Federazioak (FEB).
Gerardo Candina Gernika KESBeko presidenteak gaur jakinarazi du Europako txapelketa lehiatzeko izena eman dutela. Hain zuzen, bariku honetan [ekainak 23] amaitzen da aipatu txapelketan izena emateko epea.
Irailaren 26tik maiatzaren 2ra lehiatuko dute EuroCup Women 2017 txapelketa. Hala, uztailaren 4an Munichen (Alemania) egingo dute txapelketaren egutegia zehazteko
zozketa. 8 multzotan banatuta, 32 taldek lehiatuko dute txapelketa.
Gernika KESBeko presidenteak gaur azaldu duenez, Lointek Gernika Bizkaiak Bilboko
La Casillan jokatuko ditu partidak. Izan ere, Nazioarteko Saskibaloi Federazioak ezartzen duen gutxieneko ikusle kopurua hartzeko lekurik ez dago Malosten.
Gernika-Lumoko taldearen partidak
eguenetan 20:30ean hasita izango direla aurreratu du Candinak, eta Bilboko Udalari eta Bilbao Kirolak-i eskerrak eman dizkie, partidak La Casillan jokatzen uzteagatik. “La Casilla uzteko egin duten ahalegina eskertzekoa da; haiek txapelketa lehiatzeko erraztasunak eman dizkigute”.
EuroCup txapelketa jokatuko dutela eta Lointek-ek babesle nagusi izaten jarraituko duela azaldu dute gaur Bilbon egindako agerraldian.
Argazkia: Gernika KESB.
EuroCup-a lehiatzea “pauso garrantzitsua” dela nabarmendu du Gernika KESBeko presidenteak: “Klub txikia eta apala da gurea, baina aldi berean lanari, ilusioari, anbizioari eta ahaleginari dagokionez klub handia gara. Eta horrek eraman gaitu ondo hausnartutako pauso hau ematera”. Candinaren berbetan, babesle nagusirik gabe pauso hori ematea “ezinezkoa” litzateke.
Hain zuzen ere, hurrengo denboraldian ere Lointek izango da talde gernikarraren babesle nagusia.