Bermeoren xarma erakusten duen bideo labur bat aurkeztu dute
Drone bategaz egindako bideoan, Bermeoren altxorrak erakutsi gura izan dituzte hainbat ikuspuntutatik: paisaia, kultura, gastronomia, gizartea...Eusko Ikaskuntzak eta Bermeoko Udalak elkarlanean, Bermeoren altxorrak erakusteko bideo labur bat egin dute...
Drone bategaz egindako bideoan, Bermeoren altxorrak erakutsi gura izan dituzte hainbat ikuspuntutatik: paisaia, kultura, gastronomia, gizartea…
Eusko Ikaskuntzak eta Bermeoko Udalak elkarlanean, Bermeoren altxorrak erakusteko bideo labur bat egin dute, eta atzo aurkeztu zuten.Minutu eta erdiko bideo horren helburua «ikusten duten pertsona guztiei Bermeora etortzeko gogoa piztea» dela esan du Irune Ormaetxea turismo zinegotziak. Drone bategaz egindako bideo horretan, Bermeok dituen altxor guztiak erakutsi gura izan dituztela dio Ormaetxeak, hainbat ikuspuntutik: paisaia, kultura, gastronomia, gizartea…
Hala, itsasoa protagonista berezia bilakatzen den bideoan, Bermeoren xarma erakusten dute, «pertsona guztiei herrian gozatzeko dituzten aukeren berri emanez, modu erakargarri batean».
Gaztelugatxeko San Juanen hasten da bideoa, eta, ondoren, herriko toki eder eta esanguratsuak erakusten ditu: Matxitxako, Tala, portua, Sanjuanportale, Torrontero, Izaro, Lamera, Talape, Aita Guria baleontzia, Arrantzaleen Museoa…
Horiez gain, herriko artelanak ere ikus daitezke, bai eta arrantzaleak, kontserba enpresak, azoka eta kalitatezko produktuak ere. Herriko jaiek ere badute bere lekua atzo aurkeztu zuten bideoan.
Azaldu dutenez, udalaren webgunean (www.bermeo.eus) eta udalaren sare sozialen bidez zabalduko dute.
Eusko Ikaskuntzagaz elkarlanean, udalak Bermeoren historia kontatzen duten bederatzi panel jarri zituen herriko toki esanguratsuenetan. Horietako seitan, gainera, bideo laburrak ikus daitezke QR bidez.