Herritarrek botako dute gorpuztietako txupina
Herriko nagusien kuadrilla batek emango die jaiei hasiera ofiziala. Txupinaren ostean, kalejira, bertsolari eta txaranga doinuek girotuko dute Eleizalde auzoaDatozen bi asteburutan hamaika ekitaldi edukiko dituzte aukeran ibarrangelutarrek Gorpuzti jai...
Herriko nagusien kuadrilla batek emango die jaiei hasiera ofiziala. Txupinaren ostean, kalejira, bertsolari eta txaranga doinuek girotuko dute Eleizalde auzoa
Datozen bi asteburutan hamaika ekitaldi edukiko dituzte aukeran ibarrangelutarrek Gorpuzti jaiak ospatzeko. Gaur Gorpuzti Eguna ospatu, eta bihar izango da txupin jaurtiketa.Iaz herriko itsasgizon eta arrantzale izandakoek izan zuten jaiei hasiera ofiziala ematen dien txupina jaurtitzearen ardura; aurten, ostera, herriko nagusien kuadrilla batek botako duela jakitera eman dute.
Jarraian, Ibarrangeluko Trikitixa eskolako kideekin kalejiran aterako dira herritarrak tabernarik taberna. Jarraian, bertso poteoagaz eta Kuklux txarangagaz girotuko dute bariku gaua.
Zapatu eguerdian, Bermeoko Erraldoien Konpartsagaz eta Busturialdeko txistulari eta dultzaineroekin kalejiran bilduko dira, eta ohitura legez, frontoian bazkalduko dute.
Bazkalostean Obieta eta Esteibarren erromeriagaz kantuan eta dantza dabiltzan bitartean, umeek zaldietan osteratxoak egiteko aukera izango dute, Muñizen eskutik. «Azoka egunean ere eguraldi txarra izan arren, ume batzuk zaldian ibiltzera animatu ziren, eta aurten jaietan ere aukera hori ematea erabaki dugu».
Zapatu gauerako bertako musika taldeen kontzertuak antolatu dituzte: The Uski`s, Ostabe eta Versus.
Bestalde, domeka eguerdiko mezaren ostean, herriko Lorea Umeen Dantza Taldeko kideek emanaldia eskainiko dute San Andres elizaren kanpoaldean.
Arratsaldean, ume eta gaztetxoek ondo pasatzeko aukera ederra izango dute apar jaian, puzgarrietan, zezen mekanikoan edota bungee tranpolinean.
Hurrengo asteburua
Hilaren 24an paellak prestatzen batuko dira kuadrillak, eta arratsaldean, gazteen esku pilota eta pala partidak eta lehen mailako afizionatuen pilota partidekin gozatzeko aukera izango dute frontoira bertaratzen direnek.
Eguna borobiltzeko, Dominguez Mariatxiak Ibaetatik Eleizaldera kalejiran joango dira, eta tabernarik taberna ibiliko dira. «Iaz arrakasta itzela eduki zuten mariatxiek, jende asko batu zen, eta giro ederra sortu zuten».