Hirugarren urtez, Gernika-Lumoko Segundo Olaeta musika eskola aste kulturalean murgilduko da. Gaur emango diote hasiera ekimen bizi horri, eta zortzi egunez herria musikagaz alaitzeko prest agertu dira. Aldaketekin iritsi da aurten; hiru eguneko egitaraua antolatzetik zortzi eguneko egitaraua izatera igaro baitira.
Gaur arratsaldean, Elai Alai aretoan elkartuko dira, bertaratutakoei disziplina anitzeko kontzertua eskaintzeko. Bihar ere, leku eta toki berean jarri dute hitzordua.
Barikuan, aldiz, pianoek hartuko dute eguneko garrantzia. Izan ere, 17:30ean eta 19:00etan, pianojoleek hartuko dute Elai Alaiko taulagaina. Elai Alai ez ezik, Calzada egoitza ere girotuko dute beraien musikaz Segundo Olaetakoek; hain zuzen, astelehenean, hilaren 19an, 17:30ean hasita.
Martitzenean jarraituko dute musika emanaldiekin, eta egun horretan, Lizeo Antzokira bertaratu beharko dute horregaz gozatu nahi duten herritarrek, bertan abestuko baitute 17:00etan hasita, 7 eta 9 urtera arteko koruko ikasleek. 19:00etan, aldiz, eskolako taldeek parte hartuko dute: Akordeoi, txistu, gitarra eta trikitixa taldeek, fanfarreak, orkestrak, Banda Gaztek eta Banda Txikik. Hurrengo egunean, berriz, gitarra elektrikoak, musika modernoak eta jazz-ak hartuko dute toki Elai Alai aretoan, 18:00etatik aurrera.
Busturian emanaldia
Hilaren 22an, bestalde, Gernika-Lumotik Busturiara joango dira Segundo Olaetakoak, herri horretako kultur etxean emango baitute kontzertua akordeoi, biolontxelo eta orkestra taldeetako ikasleek. 18:30ean jarri dute hitzordua. Egun berean, Gernika-Lumon ere izango da musikagaz gozatzeko aukera: 21:30ean, San Juan Ibarran, koru eta konboen emanaldia egongo baita aukeran.
Hilaren 23a, barikua, izango da aste kulturaleko azken eguna. 20:00etan, kalejira egingo dute trikitilari eta txistulariek herrian zehar, eta 22:00etan, San Juan Ibarra plazan, Rock N’ Band kontzertua emango du musika bandak.