Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) jakinarazi duenez, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailak Bermeotik Bilbora Sollubetik doan Bizkaibuseko A3527 linean,
zuzeneko autobus bat gehitzeko konpromisoa hartu du. Diotenez, 06:50eko eta 07:50eko zerbitzuen artean, zuzeneko autobus bat gehiago jarriko dute,
07:20an, hain zuzen ere.
Herritarrak autobusa hartzen Bermeon
Herritarren eskariz, aipatu linean
ordu erdiro zerbitzua eskaintzeko eskaera egin zion Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailari, eta udaleko arduradunek joan den astean jakinarazi zuten,
ezezko erantzuna jaso zutela.
Ezezko erantzunaren ostean, Aritz Abaroa EAJren udal taldeko bozeramailea, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatu Vicente Reyesegaz bildu da. Abaroak azaldu duenez, «batzar horretan gure ikuspuntua, diagnostikoa eta proposamen ezberdinak emateko aukera eduki dugu. Erabilera datuak, zerbitzuaren kostua eta baliabide ekonomikoak elkarrekin aztertu ostean, adostasun puntualak bilatu ditugu, zenbait hobekuntza martxan jartzeko».
Uztailean mantendu. Goizeko autobus zerbitzu zuzen berri hori jartzeaz gain,
uztailean zuzeneko zerbitzuak mantentzeko konpromisoa hartu du foru aldundiak, orain arte, bertan behera geratzen baitziren zuzeneko zerbitzu horiek.
Bestalde, Abaroak jakitera eman duenez, arratsaldeetan, Bilbotik Bermeora datozen autobusetan Mungiako erabiltzaileekin sortzen diren
leku arazoei irtenbidea bilatzeko konpromisoa ere hartu du aldundiak. Horretarako, erabiltzaileak antolatzeko neurriak aztertuko dituzte.
Hobekuntza horiek guztiak «ahalik eta epe laburrenean» martxan jartzeko konpromisoa hartu dutela azaldu dute jeltzaleek.