Itsasgizon eta arrantzale izandako ibarrangelutar talde batek bota zuen iazko txupina.
Datozen bi asteburutan hamaika ekitaldi edukiko dituzte aukeran ibarrangelutarrek gorpuztiak ospatzeko. Urtero legez, adin zein gustu guztietarako egitarau zabala prestatu dute.
Bihar eguerdian San Andres elizan batuko dira, eta ostean trikitixa doinuek alaituko dute giroa Eleizalde auzoko tabernetan.
Iaz herriko itsasgizon eta arrantzale izandakoek izan zuten jaiei hasiera ofiziala ematen dien txupina jaurtitzearen ardura, aurten, ostera,
herriko nagusien kuadrilla batek botako duela jakitera eman dute.
Jarraian, Ibarrangeluko Trikitixa eskolako kideekin kalejiran aterako dira herritarrak tabernarik taberna. Bertso poteoagaz eta Kuklux txarangagaz borobilduko dute bariku gaua.
Zapatu eguerdian Bermeoko Erraldoien Konpartsagaz eta Busturialdeko txistulari eta dultzaineroekin kalejiran bilduko dira, eta ohitura legez frontoian bazkalduko dute.
Bazkalostean Obieta eta Esteibarren erromeriagaz kantuan eta dantza ari diren bitartean, umeek
zaldi gainean osteratxoak egiteko aukera izango dute, Muñizen eskutik. “Jaietan lehenengoz antolatu dugu. Azoka egunean ere eguraldi txarra izan arren, ume batzuk zaldian ibiltzera animatu ziren, eta aurten jaietan ere aukera ematea erabaki dugu”.
Zapatu gauerako bertako musika taldeen kontzertuak antolatu dituzte:
The Uski`s, Ostabe eta Versus.
Bestalde, domeka eguerdiko meza ostean herriko Lorea Umeen Dantza Taldeko kideek emanaldia eskainiko dute San Andres elizaren kanpoaldean. Arratsaldean, berriz, ume eta gaztetxoek ondo pasatzeko aukera ederra izango dute apar jaian, puzgarrietan, zezen mekanikoan edota
bungee tranpolinean. “Aurreko urteetan ekarri dugun talde bera etorriko da. Oso ondo antolatzen dute dena, umeek primeran pasatzen dute eta inguruko herrietatik ere etortzen dira”.
Paella Txapelketa
Hilaren 24an paellak prestatzen batuko dira kuadrillak, eta arratsaldean gazteen esku pilota eta pala partidak eta lehen mailako afizionatuen pilota partidekin gozatzeko aukera izango dute frontoira bertaratzen direnek.
Eguna borobiltzeko, Dominguez Mariatxiak Ibaetatik Eleizaldera kalejiran joango dira, eta tabernaz taberna ibiliko dira. “Iaz arrakasta itzela eduki zuten mariatxiek, jende asko batu zen eta giro ederra sortu zuten”.
EGITARAUA:
BIHAR (GORPUZTI EGUNA):
- 12:00. Meza santua San Andres elizan.
- 12:30. Trikitixa Eleizaldeko tabernetatik.
BARIKUA (TXUPINAZO EGUNA):
- Eguerdian. Herriko itsasgizon eta arrantzaleen bazkaria, Lagan.
- 20:00. Txupinazoa Ibarrangeluko lagun taldearen eskutik. Ibarrangeluko Trikitixa Eskolako gazteekin kalejira tabernaz taberna.
- 21:00. Bertso poteoa Ander Elortegi, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitiagaz.
- 22:45. Kuklux Txaranga Eleizalden.
ZAPATUA:
- 12:30. Kalejira: Bermeoko Erraldoien Konpartsa, buruhandiak, txistulariak eta gaiteroak.
- 15:00. Herri bazkaria frontoian.
- 16:30-19:30. Erromeria Esteibar eta Obietagaz.
- 16:30-18:30. Muñizen zaldi gaineko osteratxoak.
- 22:00. Kontzertuak: The Uski`s, Ostabe eta Versus.
DOMEKA:
- 10:00. Diana herriko txistulariekin.
- 11:00. Meza nagusia.
- 11:45. Lorea Umeen Dantza Taldea.
- 17:00. Umeentzako puzgarriak, bungee tranpolinean, zezen mekanikoan eta apar jaia Ibaetan.
EKAINAK 24, ZAPATUA (PAELLA EGUNA):
- 12:00. Paella Txapelketarako izen ematea Eleizalden.
- 14:00. Paellen aurkezpena.
- 17:00. Gazteen esku pilota eta pala partidak frontoian.
- 19:00. Lehen mailako esku pilota partida frontoian: Cabrerizo-Uriondo vs. Aritz Lasa-Beobide.
- 20:30. Dominguez Mariatxiak Ibaetatik Eleizaldera tabernaz taberna.
EKAINAK 25, ZAPATUA (MENDI MARTXA EGUNA):
- Goizean. VIII. Mendi Martxa.