Bermeoko Taraska Atletismo eta Gernika Atletismo taldeek Kadeteen Bizkaiko Txapelketa jokatu zuten Durangon bariku arratsaldean [ekainak 9] eta zapatu goizean [ekainak 10].
Bermeoko taldeari dagokionez, bariku arratsaldeko lehen saioan,
Garazi Lertxundik lehenengo postua lortu zuen pisu jaurtiketan eta disko jaurtiketan. Bestalde,
Lorea Erekatxo eta Izaro Egibar bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren 300 metroko proban
eta Itziar Olondo, berriz, hirugarrena izan zen 1500 metroko oztopo-hesi proban.
Zapatu goizean ere lan bikaina burutu zuten Taraska Atletismo taldeko kideek, eta postu onak eta hainbat podium lortu zituzten.
Nagore Odiagak brontzezko domina irabazi zuen 100 metroko proban eta Espainiako txapelketara sailkatzeko gutxienekoa lortu zuen.
Odiagagaz batera, dominarik lortu ez arren, taldeko beste hiru neskak lortu zuten 100 m-ko finalera sailkatzea.
Era berean, mailu-jaurtiketan
Leire Barrerasek zilarrezko domina lortu zuen, Garazi Lertxundik brontzea eskuratu zuen xabalinan. Lertxundirentzat asteburu borobila izan da, aipatu moduan pisu jaurtiketan eta disko jaurtiketan urrezko dominak lortu zituelako, eta xabalinan brontzezkoa.
Taraska Atletismo Taldeko hainbat kide Durangon. Argazkia: Taraska Atletismo
Bestalde,
Ibon Olondo laugarren sailkatu zen jauzi hirukoitzeko proban, eta 1000 metroko proban estreinakoz parte hartu zuten neskek ere “oso marka onak”· lortu dituztela nabarmendu dute. “Talde polit bategaz joan ginen, eta gure zein beste taldeetako neska-mutilek oso ondo lehiatu zuten”, azaldu dute Taraskakoek, guztiak zorionduz.
Gernika Atletismo Taldeko kideak ere pozik bueltatu dira Durangotik. Sei kadetek parte hartu zuten Bizkaiko Txapelketako bi saioetan, zein bere modalitatean.
Horietatik,
Afrike Batizek urrezko domina eskuratu zuen zapatuan Xabalinan, 25 metro pasatxoko markagaz. Bestalde, aurreko egunean 300 metroko proban lehiatu zen.
Barikuko saioan, pisu jaurtiketan
Beñat San Jose eta Lautaro Suarez finalera sailkatzeko zorian geratu ziren, eta luzera jauzian ere
Iara Auzokoa eta Irati Unzueta ere gutxigatik geratu ziren finaletik kanpo.
Bestalde, zapatuan 1.000 metroko proban lehiatu ziren neska-mutilak. “Beñat San Josek 3 minutu eta 15 segundoko denbora markatu zuen. Iara Auzokoak, Irati Unzuetak eta Lucia Aretxederretak lau minutu inguruan ibili ziren, eta taularen erdialdean sartu ziren”, zehaztu dute Gernika Atletismo Taldeko kideek.
Euskadikoa, asteburuan
Zapatu honetan Durangon lehiatuko dute Euskadiko Kluben arteko txapelketa (kadete eta 19 urtez azpikoen kategorietan), eta
ekainaren 24ean, ostera, Gasteizen jokatuko dute Euskadiko Bakarkako Txapelketa. Ondoren,
uztailaren lehenengo asteburuan Murtzian jokatuko dute Espainiako Txapelketa.
Bermeoko taldetik, momentuz Lertxundik (diskoan), Odiagak (100 m-tan) eta Erekatxok (hiruko jauzian) lortu dituzte Espainiako Txapelketa sailkatzeko gutxieneko markak. “Hala ere oraindik beste bi saio geratzen dira, eta uste dugu oraindik sailkapen gehiago lortzea posible dugula”.