Basker dokumentala aurkeztuko dute barikuan
Alkartasuna Dantza Taldeak Basker dokumentala dakar Bermeora. Dokumentalaren aurkezpena eta proiekzioa Bermeoko Arrantzaleen Museoan izango da barikuan, 19:00etan.
Argibel Euba antropologoa eta Basker ikerketa lanaren egilea bertaratuko da museora aurkezpena egiteko.
1963ko urtarrilean eta otsailean, Dan Grenholm eta Lennart Olson erreportariek Euskal Herria bisitatu zuten eta euskal kulturari eta folkloreari buruzko bi film labur dokumental etnografikotarako filmazioa egin zuten. Basker eta Bonde i Baskerland filmak Suediako telebista publikoan eman ziren urte bereko udan.
Mende erdi baino gehiago galduta egon ondoren, Argibel Euba etnologoak, EHUko Mikel Laboa katedrari esker, dokumentu horiek aurkitu eta ikertu egin ditu.
Sarrera dohainik izango da, eta Alkartasuna Dantza Taldeak herritar guztiak gonbidatu ditu Basker dokumentalaren aurkezpen eta proiekziora. Diotenez, “oso interesgarria” izango da.