Autokonpostari buruzko tailerrak emango dituzte eskualdeko hainbat udalerritan
Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz, Busturialdeko Mankomunitatearen eta tokian tokiko udalen eskutik, herritarrek autokonposta egiten ikasteko doako hainbat formakuntza tailer egin dituzte eskualdeko zenbait udalerrietan dagoeneko, eta aste honetan azken saioak izango dira.
Hain zuzen, ekainaren 7an Gautegiz-Arteagako liburutegiko areto nagusian egin zuten lehenengo saioa, eta hilaren 9an Elantxoben bigarren tailerra.
Gaur arratsaldean Mendatako Elizoste aretoan batuko dira, 19:00etatik 20:00ak arte. Bihar, berriz, Arratzun irakatsiko dute autokonposta zelan egin. 19:00etatik 20:00etara elkartuko dira Loiola auzoko Kultur aretoan.
Barikuan Muxikako Zubieta Errotan eskainiko dute ikastaroa, 19:00etatik 20:00etara.
Era berean zapatu goizean Kortezubiko udaletxean emango dute formakuntza tailerra. 11:00etan hasi eta 12:00ak arte jarri dute hitzordua.
Materiala
Busturialdeko Mankomunitatetik azaldu dutenez, ikastaroa ematen dutenek banatuko diete beharreko materiala parte hartzen dutenei. Zehatz esateko, konpost-ontzia, aireztagailua eta gida bana emango dizkiete bakoitzari.
Bestalde, norbere udalerriko tailerrera joan ezin dutenek beste herriren bateko ikastarora joateko aukera dutela zehaztu dute.