Urdaibai Biosfera Erreserbaren bilakaera sozioekonomikoa ikertu du Nekane Castillo UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak. Haren esanetan, Biosfera Erreserbaren izendapenak Urdaibaiko biztanleriari kalte edo on egin ote dion aztertu gura izan du.
UNESCOk 1984. urtean izendatu zuen Urdabai Bisofera Erreserba, eta 1993an Erabilera eta Kudeaketara Plan Gidaria onetsi zutenetik, hainbat jarduera debekatu eta hainbat ustiapen-mota mugatu dira Urdaibain. Horrek biztanleen artean eztabaida handia eragin duela dio ikertzaileak, herritar asko ez dagoelako ezarritako muga horiekin ados eta, beste batzuen ustez, ezarritako neurriak ez nahikoak direlako kontserbazioa ziurtatzeko. Eztabaida horrek bultzatuta hasi zuen ikerketa Castillok, eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren bilakaera sozioekonomikoa ikertu du. Izendapenak Urdaibaiko biztanleriari kalte edo on egin ote dion jakin gura izan du EHUko ikerlariak; horretarako, Busturialdeko eta Uribe Kostako hainbat aldagaik Plan Gidaria onartu zenetik gaur egun arte izan duten bilakaera aztertu eta alderatu ditu ikerketan. Bi eskualdeok antzeko ezaugarriak dituztelako aukeratu ditu ikerlariak, eta elkarrengandik hurbil daude gainera.
Aldagaiak. Hain zuzen, hiru aldagai-mota izan dituzte langai: lurraren erabilerari buruzko aldagaiak (labore-lurrak, hiri-lurrak, pinu-landaketak, eukalipto-landaketak, baso autoktonoa…); aldagai sozioekonomikoak (enplegua eta langabezia, BPGa, biztanleria…) eta kulturalak (euskararen erabilera, hezkuntza-maila…). Bestalde, ingurunearen jasangarritasun-indize bat ere atera dute, kontsumitzen den uraren araberakoa, sortzen den zaborraren araberakoa eta abar.
Ikerketa horren arabera, Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu izanak ez du eragin negatiborik izan biztanleengan, ingurunearen kontserbazioa bermatzen du, eta, litekeena da horrek tokiko garapen sozioekonomikoa eta kulturala bultzatu izana. Ikertzaileen iritziz, alderatu dituzten eskualde biek antzeko joera izan dute. Batetik, landa-jarduera tradizionalak bertan behera utzi direla, eta ingurumenean hainbeste kalte eragiten duten pinu-landaketak urritu egin direla dio ikerketak, haien ordez hiri-lurrak eta tokiko espezieak zabalduz. Era berean, hauteman dute hirugarren sektorea, turismoarekin lotutakoa, hazi egin dela, bai eta ongizatea eta iraunkortasuna ere. Ongizateari dagokionez, azterketak dio Urdaibai Biosfera Erreserba denetik hobera egin dutela errentak, barne produktu gordinak, goi mailako hezkuntzak eta enpleguak.