Parrandarako gogoz, Oletara
Amorotarrak bihar murgilduko dira Pazko jaietan. Beste urte batez, publiko guztiarentzako eskaintza prestatzeko ahalegin berezia egin dute Oletako Jai Batzordeko kideek.Ohiturari eutsiz, Tortilla Txapelketagaz hasiko dituzte bihar amorotarrek Pazko jai...
Amorotarrak bihar murgilduko dira Pazko jaietan. Beste urte batez, publiko guztiarentzako eskaintza prestatzeko ahalegin berezia egin dute Oletako Jai Batzordeko kideek.
Ohiturari eutsiz, Tortilla Txapelketagaz hasiko dituzte bihar amorotarrek Pazko jaiak. Beste behin, kuadrillek ez dute hutsik egingo; izan ere, tortillak prestatzeko aitzakian, gaueko kontzertuetarako giroa berotzen hasiko dira.Patata eta arrautz artean, kontu-kontari igaroko dute iluntzea, eta gauean, Uribe Kostako Guda Dantza eta Hesian talde sakandarraren doinu artean elkartuko dira. Ondoren, Ingo al deu Andoaingo taldeko musikarien erromeriaren erritmopean dantzatu eta kantatzeko aukera edukiko dute jai eremuan bildutakoek goizaldeko ordu txikiak arte.
Herritarrek ez ezik, Lea-Artibai eskualdeko biztanleentzat ere hitzordu berezia da Oleta. Eta aurten ere, autorik hartu barik bertara joateko aukera izango dute, Gababusari zein Oletako Jai Batzordeak Lekeitiotik jartzen duen autobus zerbitzuari esker.
Gainera, bihar gauean moduan, astelehen gauean ere egongo dira aipatu bi autobus zerbitzuak.
Oletako Jai Batzordeko kideek azaldu dutenez, oraingoan ere «publiko guztiarentzako» egitaraua prestatzen ahalegindu dira. «Esan liteke zapatua dela egunik bereziena; zapatuan bertako zein inguruko gazte asko batzen da, eta domekan, berriz, jende helduagoa. Tradizioak mantentzen diren eguna da».
Zapatua, jendetsuena
Batzuk lo goxotan edo biharamuna kentzeko ahaleginetan dauden bitartean, beste hainbat amorotar mezan batuko dira domeka eguerdian, Oletako zelaian.
Ostean, herriko Arta-Nagusi dantza taldeko kideek saioa eskainiko dute.
Arratsaldean, berriz, urteroko hitzordu berezienetakoa ikusteko elkartuko dira berriro: Giza proba dema. Aurten Mendexa eta Mendaroko neska-mutilez osaturiko taldeak ariko dira zein baino zein gehiago. Talde bakoitzak 30 minutuko saioa burutu beharko du, eta ohi legez, markarik onena egiten dutenek irabaziko dute proba.
Demaren ostean, gorputzak astintzeko ordua izango da. Itsaso eta Irune Elizgoien nafarren eskutik, erromeria egongo da plazan. Iaz ere Amoroton egon ziren, eta herritarrek ondo baino hobeto pasatu zuten.
Etxalarko bikoteak Euskal Herriko Trikiti Txapelketa irabazita dauka. Lehengo trikitixa txapelketa 2002an jokatu zuten sorterrian; Irune trikitixagaz aritu zen; 9 urte zeuzkan; eta Itsasok panderoa jo zuen; 7 urte besterik ez zituen. Azken urteetan, erromeriaz erromeria ez ezik, txapelketaz txapelketa ibili dira Euskal Herri osoan. Bakoitzak 27 txapel jantzita, 2015eko Zeanurikoanan parte hartuta, txapelketak uztea erabaki zuten.
Asteburua kantuan eta dantzan igaro arren, astelehenerako indarrak gordeko dituzte herritarrek.
Ume eta gazteek gozatzeko
Astelehen arratsaldean, Bat, bi, hiru festa! umeentzako animazioa egongo da. Ume eta gaztetxoek ondo pasatzeko jolasak eta dantza koreografiak egiteko aukera edukiko dute. «Iaz ere ekarri genituen, eta umeek primeran pasatu zuten. Oso giro ona sortzen dute», zehaztu dute Oletako Jai Batzordeko kideek.
Horregaz batera, puzgarri erraldoiak eta ohe elastikoak ere ipiniko dituzte.
Eguna zein Pazko jaiak behar den moduan borobildu eta agurtzeko ardura Luhartz talde bizkaitarrak edukiko du aurten. Haien erromeriagaz eztarriak urratu arte kantatu eta gorputzak nekatu arte dantzan egiteko aitzakia izango dute Oletara bertaratzen direnek.
Beranduago, zelan ez, gizonen eta emakumeen striptease-ak ere ez dira faltako. Ohiturari eutsiz, barre-algara artean jaiak agurtzeko modua izango da aurten ere.