Ikasturte emankorra izan da aurtengoa Sare Gernikarentzat. Proiektu, ekitaldi, egitasmo eta asmo ugari gauzatu ditu 2016-2017an, eta gernikarren sarea ehuntzen eta indartzen doa.
Hala adierazi dute gaur arratsaldean Gernika-Lumoko Auditorioan egin duten ekitaldian. Erradiografiak aurkeztu zuten duela urtebete, leku berean, Auditorioan, eta dispertsioaren erradiografiaren ispilu den liburuxkaren bigarren edizioa ere kaleratu dute.
Ikasturtean, baina, sakabanaketaren errealitatea gizarteratzen laguntzeko tresna bilakatu diren beste hainbat egitasmo bultzatu ditu Sarek: saregernika.eus ataria, Zine-Klub Gernikarekin batera, jendez betetako Lizeo antzokian aurkeztutako Aterabidetik dispertsiometraia edota Oroimen Erradiografiak 1937-2017, bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira aurkeztu zutena. Horiez gain, herriko eragileekin elkarlanean, hitzaldiak eta beste ere antolatu dituzte. Besteak beste, Asunek talde feministarekin zein bake-Leku txokoarekin antolatutako solasaldiak eta udalbatzak aho batez adostutako mozioak aipatu dituzte gaur.
Sakabanaketaren errealitatea gizarteratzen laguntzeko tresna bilakatu diren beste hainbat egitasmo bultzatu ditu aurten Sarek.
Ikasturtearen errepasoa eginda, aurrera begira da Sare Gernika. Gernikarrak aktibazio sozialaren ispilua izan direla eta izango direla esan dute. “Erreboteraino eraman gaituzte. Atzean ez dago ezer gehiago, ez koadrorik, ez kantxarik, ez harmailarik. Urteak daramatzagu pilota frontisera eramaten, eta erreboteraino bidali izan digute erantzun gisa”, esan dute. Errebotea dispertsioak sortzen duen egoeraren metafora bilakatu, eta egoera lazgarri horrek dagoeneko 29 urte iraun dituela salatu dute.
Gaur egun kartzelan dituzten preso politikoak 338 direla esan du Sarek; horietatik hamahiruk sendaezinak diren gaixotasunak dituztela, eta senide eta hurbilekoek astebururo bidaia arriskutsuak egin behar dituztla errepidean. “113 ume astebururo milaka kilometro egitera behartuta daude, eta 16 lagun hil dira biadaia istripuetan”, zehaztu dute.
Gehiengo soziala aktibatu. Horregatik, “errebotatuta” daudela salatu du Sarek: “Zigor kolektiboa delako, euskal komunitate osoari ezartzen zaion deserria”. Egoera horri buelta emateko, presoeak errebotetik etxera bueltan ekarteko lanean jarraituko du Sarek, eta lanketa horretan gizartea aktibatzeko ahaleginak indartuko ditu. “Dispertsioa amaitzearen aldeko gehiengo soziala aktibatzen jarraituko dugu, eta beharrezkoak diren ekimenak eta bi antolatuko ditugu”, esan dute. Hurrengoa, datorren zapatuan, Donostian. Ekimen nazionala egingo du, eta Gernikatik ere autobusak aterako direla jakinarazi dute.
“Zigor kolektiboa da, euskal komunitate osoari ezartzen zaion deserria”
Gernika dispertsioa amaitzearen alde antolatzea eta aktibatzea dute helburu, diotenez, egoera krudel honi buelta eman behar zaiolako. “Euskal preso eta iheslari politikoak bueltan ekartzeko beharra daukagu. Ez kantxa erdian geratzeko,ez hurbil. Bueltan”, esan dute.
Herriko kaleak zeharkatu dituen manifestazioaren ostean egin du ekitaldia Sarek. Ehunka herritar bildu dira manifestazioan, eta beste horrenbestek bete dute gero Auditorioa. Ekitaldiari doinua jarri diote Leire Garatxenak, Maialen Kaltzakortak eta Jon Enbeitak. Sareren proiektuak posible egin duten hainbat jenderekin batera, Roke Alberdi eta Josu Artetxe pilotariek ere parte hartu zuten ekitaldian. Zestak hartu eta publikoa agurtu zuten ekitaldiaren hasieran.
Kostan Delgadoren argazkiak hemen
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.