Uztailaren 12an hasiko da sei egunetako jaia Txosnagunean
Karmenetarako prestatu duen egitaraua aurkeztu du Txosna Batzordeak. Era askoko ekimenekin osatu dute. Zazpi taldek osatzen dute egun batzordeaMarkina-Xemeingo Txosna Batzordeak prest dauka Karmen jaietako egitaraua. Harrera ona duten urteroko ekimenei...
Karmenetarako prestatu duen egitaraua aurkeztu du Txosna Batzordeak. Era askoko ekimenekin osatu dute. Zazpi taldek osatzen dute egun batzordea
Markina-Xemeingo Txosna Batzordeak prest dauka Karmen jaietako egitaraua. Harrera ona duten urteroko ekimenei berritasunak gehitu eta sei egunetarako aukerez bete dute programa. Iazko jaietatik ibili da Txosna Batzordea, etenik barik, aurtengoak prestatzeko elkartzen, eta karmenak gainean egonik, ezagutzera eman nahi izan die herritarrei.Uztailaren 12an (eguaztena) hasiko da Txosnaguneko egiteraua XATek antolatzen duen Asto pekotzaren zozketagaz. Hurrengo eguna izango da egun handia, Txosnen Eguna, eta, beraz, egun horretan egingo da urtero lagun pila batzen dituen afaria. Beti bezala, afalostea girotzeko ekimen berezia prestatu dute. Aurten, estreinako, Bertsio Gaua egongo da.
Musika talde baten bertsioak jo eta imitatzea izango dela helburua azaldu dute Txosna Batzordeko kideek. «Edozeinek parte har dezake, eta talde bakoitzak bi edo hiru kanta jo ahalko ditu». Parte hartzeko edo zalantzak argitzeko helbide elektroniko bat jarri dute eskura: mxtxosnabatzordea@gmail.com.
Musikak tarte berezia izango du Txosnagunean. Txupinaren egunean DJ Bull egongo da; herri bazkari eguneko gauean, berriz, Bad Sound System taldearen kontzertua; domekan, Susunkordanen kontzertua, eta astelehenean, gaztetxoentzako berbena DJ Herrigaz.
Denena
Zazpi taldek osatzen dute, gaur egun, Markina-Xemeingo Txosna Batzordea: Bagaittun emakume feminista taldeak, EUP irratiak, Markina-Xemeingo Ernaik, Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak, Markina-Xemeingo preso eta iheslarien lagunak, Markina-Xemeingo Sortuk eta Xemein Aisialdi Taldeak. Talde guztietako ordezkariak batzen ditu batzordeak, baina horrez gain, beharrak errazteko eta arintzeko, azpitaldeak ere badituztela jakitera eman dute: azpiegitura lantaldea, muntaiaz eta eskariak egiteaz arduratzen dena; komunikazio lantaldea, kartelak egin banatu eta zabaltzen dituena; eta musika lantaldea, txosnetako musika Txosna Batzordearen baloreekin bat datorrela bermatzen duena.
Txosnagunea denek egiten dutela azpimarratu dute Txosna Batzordeko kideek, eta antolaketan ere denen parte hartzea eta elkarlana beharrezkoa dela gogora ekarri dute. «Parte hartzeko era ezberdinak daude, eta denak dira garrantzitsuak, bai barra barruko zein kanpoko lanak. Txandak egongo dira egiteko, eta denen artean eginda askoz errazago izango da».
Mundu guztiak ondo pasatzeko gunea izan dadin, denek elkar errespetatzea eskatu dute, eta inor ez sentiaraztea lekuz kanpo edo deseroso.
Horrez gain, Txosnagunean ahalik-eta zamar gutxien sortzea izango dute helburu, eta, horretarako, zamarren gunea jarriko dute, eta urtero modura, denda txikien eta bertoko produktuen alde egingo dute, eta zelan ez, euskararen eta euskal kulturaren alde.